Hemeroteka


Elkarbanatu
2011-09-20

Bularretik Mintzora egitasmoa EAEko 4.000 haur, 250 irakasle eta 30 ikastetxeetara iristen da dagoeneko

Galtzagorri Elkartearen kezka handienetakoa EAEko haurren irakurtzeko zaletasuna izan da bere sorreratik. Horregatik, Elkartearen helburu nagusi bihurtu da horiengan irakurketa ohitura sustatzea txiki txikitatik, bai beren etxean, liburutegian nahiz eskolan. Hain zuzen, horretarako sortu genuen Bularretik Mintzora egitasmoa.

2007. urteko abenduan Tolosako Haur Liburutegian eman zion hasiera Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak artean inork ezagutzen ez zuen Bularretik Mintzora kanpainari. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzua izan genuen laguntzaile. Eta munduan zehar ezagutzen genituen honelako beste kanpainak abiapuntu.

Gaur egun, EAEko 0-6 urte bitarteko 3.956 haurrengana iristen da Bularretik Mintzora kanpaina. 29 ikastetxeetako 250 irakasle dabiltza egitasmo honen baitan formazioa eskuratzen eta aipatu 10 herrietako haur liburutegietan zehar, Galtzagorrik adin tarte horietarako gomendatutako 1.000 liburutik gora biltzen dituzten 130 liburu-maleta dabiltza bidaiatzen.

Horrez gain, BM kanpainarako Galtzagorri Elkarteak azken urteetan sortutako bi CD-liburuak (Bularretik Mintzora eta Sasi Guztien Gainetik) herri hauetako 2.000 haur baino gehiagoren artean banatu dira. Eta gainera, 2011n zehar Bularretik Mintzora CD-liburua 18.450 aioberriren gurasoek jasoko dute guztira ospitaletan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren eta Osakidetzaren lankidetzari esker.

2011ko uztailan, Tolosa, Oñati, Legazpi, Donostia (Erdi gunean eta Alde Zaharrean), Ermua, Iurreta, Markina, Amurrio, Aramaio eta Urkabustaitzeraino iritsi da kanpaina. 2011-2012. ikasturtean 12 herri izango dira jada BM kanpaina martxan izango dutenak. Izan ere, Arrasate eta Laudion ere egitasmoa abian jartzeko hitzarmenak sinatu dira udal bakoitzarekin.

Orain arteko adierazleak jaso eta Bularretik Mintzora egitasmoaren ibilbidearen laburpen txiki bat egin dugu, kanpaina ahalik eta publiko zabalenari ezagutzera emateko. Behean duzue txosten osoa eskuragarri.