Hemeroteka


Elkarbanatu
2017-01-30

Bratislavako 2017ko Biurtekoan parte hartzeko azken aukera

Astelehenean, urtarrilaren 30ean, bukatzen da Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan lanak aurkezteko epea. Bi urtean behin Bratislavako Biurtekoa egiten da iraila eta urrian zehar. Ospe handia duen Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta BIBIANAk (Haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak) antolatzen dute.

Biurtekoan parte hartzeko aukera ezberdinak daude ilustratzaileentzat. Aurkeztu daitezke bakarka nahi izanez gero. Baina, OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil) Espainiako Estatuko 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du. Honek esan nahi du Galtzagorri Elkarteko kide direnek, Galtzagorri OEPLI erakundearen parte denez, badutela aukera lanak OEPLIra bidaltzeko eta bertatik bideratzen dela kontu guztia.

Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa honetan nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).

 

AZKEN URTEETAN SARI ANDANA JASO DITU EUSKAL ORDEZKARITZAK

2015ean guztira bi euskal ilustratzaileren lanak aurkeztu zituen OEPLIk Bratislavako Biurtekora: Elena Odriozolaren Frankestein (Mary Shelley/Elena Odriozola. Nordika Libros, 2013) eta Iratxe Lopez de Muniainen La mujer más alta del mundo (Pablo Albo/ Iratxe Lopez de Muniain, Libre Albedrio, 2013). Edizio horretan gainera, Elena Odriozolak Urrezko Sagarra irabazi zuen Frankenstein lanarekin. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea bihurtu da hala, Asun Balzolarekin batera, Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin.

2013an guztira lau euskal ilustratzaileren lanak eroan zituen OEPLIk Bratislavara. Hain zuzen ere, Iraia Okinaren Ilargia esnatu da (Elkar), Iban Barrenetxea El cuento del carpintero (A buen Paso) eta Blancanieves (Nórdica Libros) liburuekin, Elena Odriozolaren Eguberria (Nerea) eta Maite Gurrutxagaren Amattoren uzta (Alberdania, Erein, Igela). Iraia Okinak Bratislavako Biurtekoko Plaka eskuratu zuen edizio hartan, Ilargia esnatu da liburuarekin.

2011ko edizioan berriz, plaka horietako bat Iban Barrenetxeak eskuratu zuen, Bombástica Naturalis (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik. Barrenetxearen lanarekin batera, edizio hartan, beste bi euskal ilustratzaileren lanak eraman zituen OEPLIk Biurtekora: Iñaki Martiarenaren Haize adina (Cristinaenea Fundazioa) eta Iraia Okinaren Ilania (Gero-Mensajero), hain zuzen ere.

 

2017AN PARTE HARTZEKO ZER EGIN

Hurrengo Biurtekoan OEPLIren bitartez parte hartu nahi baduzu, honakoa egin behar duzu:

1-Aurretik Bratislavako Biurtekoan sekula parte hartu ez baduzu, azken 5 urteetan argitaratu duzun liburu bat edo, gehienez, bi, aukeratu behar dituzu. Biurteko honetan aurrez parte hartutakoa bazara, 2015-2017an argitaratutako liburu bat edo, gehienez, bi, aukeratu behar dituzu.

2-Liburu bakoitzetik 5 ilustrazio aukeratu behar dituzu: Azala eta lanaren adierazgarri diren beste 4.

3-Liburu bakoitzeko aukeratu dituzun 5 ilustrazio horien pdf-ak igorri behar dituzu emailez oepli@oepli.org helbidera urtarrilaren 30a baino lehen. Izan ere, modu digitalean egingo dugu hautaketa.