Dagoeneko iritsi da Booktuberboom lehiaketaren VI. edizioa bere amaierara. Aurten sorpresa ugari izan ditugu: Booktuberboom_+ saioa YouTuben, Instagram eta TikTokeko erronkak… Baina Booktuberboom_+ lehiaketa bat denez, ezinbestean lehiaketa irabazi eta saria jaso duten artistak aipatzea dagokigu orain, haiek bihurtu baitira 2022ko liburuen influenzerrak!
Batetik, sariketa bikoitza jaso duen Urko Urrutikoetxea Zornotzako gaztea dugu, bera izan baita epaimahaiaren lehen sarirako hautatua, baita publikoaren saria eraman duena. Urkok Josu Martinezen "Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak" liburuaren iruzkin eta gomendio zoragarria egin digu, liburuan sakonduz eta hizkuntza ezberdinak bideo bakar batean bateratuz.
Epaimahaiaren hitzetan, “oso booktube interesgarria da hasiera-hasieratik. Puntu makarra bat du, baina oso ondo josten da liburuaren gaiarekin. Asko zaindu du ingurua ere, beste askok ez bezala. Liburuko pasarte desberdinak ere erakusten dizkigu eta musikarekin asko jokatzen du, elementu esanguratsua liburu honetan. Oro har, bere azalpenak oso argiak dira eta naturaltasun handiz hitz egiten du”.
Esan bezala, publikoaren bozka gehien jaso dituen booktube bideoa ere izan da berea. 264 “like” jaso ditu bideoak, bozken ia %30a. Zorionak, Urko! Booktuber lanetan jarraitzeko kamera, tripodea eta mikrofonoa irabazteaz gain, liburu eta disketan gastatzeko 200€ko bonoa eta abentura txangoa eraman ditu. Ea aukera dugun Urkoren gomendio gehiago jasotzeko YouTuben!
Eta, bestetik, epaimahaiaren bigarren saria jaso duena Eukene Ciriza gasteiztarra dugu! Iñaki Irasizabalen "Igelak benetan hiltzen dira" liburuaren iruzkin eta gomendioa egin digu booktube bideoan.
Epaimahaiaren hitzetan, “edizio gehiegirik gabeko bideoa izan arren, erakargarria da. Liburu maitalea dela esaten du hasiera-hasieratik eta liburu-maitaleei zuzentzen dela. Oso alai agertzen da eta hori pozgarria da, are gehiago liburuez ari garenean. Liburuaren kontakizuna egiten du, misteriozko musika eta guzti. Amaieran eLiburutegiaren aipamena egiten du. Amaierako esaldia ere potoloa da: “benetan disfrutatu liburuek sortzen dituzten mundu eta unibertso berriez”. Bere pasioarekin bideoak dituen gabezi txikiak konpentsatzen ditu eta Galtzagorri Elkartearen helburu nagusiak betetzen ditu: liburuekiko pasioa eta irakurzaletasuna sustatzea.”
Eukene Cirizak abentura kamera eta liburu eta disketan gastatzeko 100€ko bonoa eraman ditu egindako lanarengatik. Eukeneren kasuan, booktubea modu pribatuan aurkeztu du lehiaketara, Booktuberboom_+ lehiaketan bideoak publiko edo pribatuan aurkezteko aukera eskaintzen baita.
Zorionak bi irabazleei!
Epaimahaikideek, bestalde, Sonia Ordoñez Mayordomo gasteiztarraren booktubeari buruzko aipamen berezia ere egin nahi izan dute. Jasone Osororen "Festa" liburuaren gomendioa egin du Soniak eta, epaimahaikideen hitzetan, "oso lan txukuna egin du eta originaltasuna aipatzekoa da bere bideoan". Aurtengoan ez du saririk irabazi, baina zeinek daki zer gertatuko den datorren edizioan? Erne ibili!
Azkenik, abenduaren 20an Urkoren ikastetxean, Barrutialde BHIn, izan ginen sorpresaz saria emateko! Hona hemen sariketaren momentuko irudi batzuk: