Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-05-31

Book Trailer Lehiaketarako liburu hautatuak

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren hirugarren edizioa amaitzear da.

Dagoeneko PUBLIKOAREN SARIA jasoko duten bi taldeak hautatu ditu publiko zabalak bere botoen bidez.

Ikastetxeen kategorian Donostiako Zubiri-Manteo ikastetxeko DBH4ko Azaloreak taldearen book trailerra izan da bozkatuena (32 boto). Norbanakoen kategorian, berriz, Urnietako Gorka Curiel, Josu Gimenez eta Lander Ciak osatutako ILUMINATIAK taldearen book trailerrak lortu ditu boto gehien (19 boto).

Sari nagusia eta edizio berrirako liburuak

Orain epaimahaiaren sarien zain gaude; ekainaren lehen astean emango da jakitera ikasturte honetako irabazle nagusiak zein diren. Ondoren, sari-banaketa ekitaldia egingo da.

Edizio hau amaitzear denez, datorren ikasturteko Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak aukeratu ditu jada Liburu Gaztea Batzordeak. 2014an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

- DBH-1(12-13 urte): Beti iparralderantz. Jon Arretxe. Erein, 2014

- DBH-2 (13-14 urte): Dumitru. Koldo Izagirre. Erein, 2014

- DBH-3 (14-15 urte): Neska baten hitza. Alfredo Gómez Cerdá. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2014

- DBH-4 (15-16 urte): Watsondarrak. Jane Austen. Ilustratzailea: Sara Morante. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean, 2014

Liburu horiek dira datorren ikasturteko “Aurtengo proposamenak” liburu-zerrenda osatuko dutenak. Ohi bezala, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko da irakurgai moduan.

Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia. Maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik. Ezinbestekoen zerrenda hori, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Hortaz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute hautua.

Lehiaketan, Ikastetxeen kategorian, parte hartzeko izen-ematea irailean zabalduko da. Izena ematen duten ikastetxeek “Aurtengo proposamenak” zerrendako liburu bana jasoko dute eta liburu horiekin osatutako unitate didaktikoa.