Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-04-24

Bolonian Euskal Haur eta Gazte Literaturari doinua jarriz

Galtzagorri Elkarteak antolatuta, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, iragan apirilaren 1ean Haur eta Gazte Literaturako Boloniako Nazioarteko Azokan izan ziren Galtzagorri Elkarteko zenbait kide euskal Haur eta Gazte literaturari doinua jarriz, "Ants, horses, elephants" (Inurriak, zaldiak, elefanteak) izeneko ikuskizunarekin. Patxi Zubizarreta idazleak, Jokin Mitxelena ilustratzaileak, Maddi Oihenart abeslariak, Idoia Noble itzultzaile eta musikariak eta Chiara Balestri itzultzaileak elkarlanean aurkeztutako ikuskizunak oso harrera ona izan zuen.

Inurriak, zaldiak eta elefanteak Performance bat

Goiburu horrekin aurkeztu zuten ikuskizuna. Zubizarretak laburbildu zuenez, "Haur literatura. Hitza testu, kantu eta marrazki bihurtua. Euskal Herritik. Europako hizkuntzarik zaharrena entzun eta dasta dezaten. Modurik berrienean. Jolastienean. Jakinmina apur bat asetzeko. Zein zapore duen ikusteko. Gozatzeko".

Ikus-entzuleek harrituta gozatu zuten Euskal Herriko ordezkaritza berezi haren saioarekin, izan ere, artista guztiak euskarak lotzen zituen arren, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, frantsesez, alemanez, ingelesez eta italieraz entzun ahal izan zuten ahozkora ekarritako euskal literatura.

- Jokin Mitxelena (marrazkilaria eta inurri bihurria, euskaraz eta alemanez)

- Maddi Oihenart (kantaria eta pegaso hegalaria, euskaraz eta frantsesez)

- Patxi Zubizarreta (idazlea eta elefante orekalaria, euskaraz eta gaztelaniaz)

- Idoia Noble (aurkezlea, akordeoilaria eta kattagorri itzultzailea, euskaraz eta ingelesez)

- Chiara Balestri (itzultzaile eta aurkezle belagilea, italieraz)