Hemeroteka

2023-05-16

Bizkaiko Liburu Gaztea egitasmoaren lehen edizioko sari banaketa ekitaldi arrakastatsua Azkuna Zentroan

Gaur, maiatzaren 16an, goizeko 11:00etan, 2022-2023 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Bizkaiko sari banaketa ekitaldia egin da Bilbon, Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Bertan izan dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Bizkaiko talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Eider Eibar ilustratzailea eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Nestor Atxikallende, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Burua; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horiez gain, Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literatura Koordinatzailea ere ekitaldian izan da: Eukene Herrera, hain zuzen.

Aurten ere epaimahai batek erabaki ditu irabazle nagusiak. Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu bi kategoriatako irabazleak eta, ekitaldian iragarri den bezala, azken horiek Publikoaren Saria jasoko dute maiatzaren 19an Donostian ospatuko den ekitaldian.

Guztira, bi sari banatu dira:

• 2 sari Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoko irabazleari eta DBH3-4 multzokoari; lau lagunentzako abentura txangoa eta 200 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko.

• DBH 1-2 kategoriako talde finalistetako batek, bestalde, epaimahaiaren aldetik aipamen berezia jaso du.

Aretoaren edukiera arauak direla eta, soilik ikastetxeetako talde finalista eta garaileak bertaratu ahal izan dira ekitaldira. Hala ere, streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izan dute gainerako ikastalde eta ikastetxeek euren geletatik eta ziur gaude ekitaldian bertan zeudenen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela haien kideen sariketa.

 

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 49 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker lehen aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 21 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamaika urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 27k eta Arabako 1ek. Guztira, 4.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 429 booktrailer sartu dira lehiaketan: 428 Ikastetxeen kategorian eta 1 Norbanakoenean.

Irabazleak epaimahai batek hautatu ditu probintzia bakoitzean. Epaimahaiak honako adituek osatu dituzte: Mireia Delgado (Bizkaiko epaimahaikide), Ane Lusarreta (Bizkaiko epaimahaikide), Jon Martin (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Maddi Orcajo (Gipuzkoako epaimahaikide).

Sari nagusiak

Bizkaian Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, LAUBURUAK taldea izan da garaile, Hormak (Elkar, 2021) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Markina BHI ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritzia: “Lan handia dago trailer honen atzetik eta oso originala da. Kontatzen duena trailer baterako aproposa izateaz gain, ondo kontatuta dago. Baliabide bisual ezberdinak modu azpimarragarrian erabiltzeko gai izan dira eta soinu eta irudi bidez klima ezberdinak sortu dituzte: tentsioa, frustrazioa, baikortasuna... Eszena bakoitza zainduta dago, izan ere, beraiek egindako marrazki horiek laguntzeko sartutako soinuak, onomatopeiak, musika eta narrazio zatia bikain aukeraturik daude. Liburua aurkezteko modu ederra!”.

Saria Nestor Atxikallende Bizkaiko Foru Aldundiko Eskara Zerbitzuko Buruaren eskutik jaso dute.

DBH 1-2 multzoko GU ERE PUTAK taldeak, bestalde, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Hormak liburuaren booktrailerrarekin. Haien hitzetan, “Originala da, primeran grabatuta eta muntatuta dago, eta bikain jaso dute liburuaren esentzia. Erritmoarekin jokatzeko duten gaitasuna ere azpimarratzekoa da. Gu ere putak taldeak modu argian eta freskoan osatu du gidoia, eta primeran ulertu ditu booktrailer on batek izan behar dituen lengoaia eta kodea. Aipamen berezia merezi dute egindako lanaren enfokeagatik, mimoz antzeztua dagoelako eta bikain josita dagoelako”.

Aipamena, Eider Eibar ilustratzaile eta Galtzagorri elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidearen eskutik jaso dute Markina BHIko ikasleek osatutako talde honek.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, JAKINTZA ERTAINAK taldeak Maitasun sua (Ibaizabal, 2013) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Bilboko San Adrian Institutuko ikasleek osatzen du talde hau eta haientzat izan da sari nagusia.

Epaimahaiaren iritziz: “Ongi mamitu dute liburuaren edukia. Irudi bidezko errepresentazioa egokia eta koherentea da narrazioarekiko. Dei egiten dio balizko irakurleari, amua irentsi eta Maitasun suan murgildu dadin”. Saria Eukene Herrerak, Ibaizabal Argitaletxeko Haur eta Gazte Literatura Koordinatzaileak, eman die.

 

Publikoaren Sariak

Horrez gain, Publikoaren Sarien irabazleak zeintzuk diren ere ekitaldian eman da jakitera. Guztira, 1.243 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Donostiako Arantzazuko Ama BHI ikastetxeko OLIBAK taldeak irabazi du 139 bozkarekin, Care Santosek idatzi eta Miren Agur Meabek itzulitako Gezurra (Giltza, 2021) liburuaren booktrailerra eginez. Eta Norbanakoenean, kategoria horretan aurkeztu den talde bakarrak irabazi du, Miren Agur Meabek idatzi eta Maite Gurrutxagak ilustratutako Itsasoaren atea (Elkar, 2021) liburuaren booktrailerrarekin.

Bi liburu hauek Ezinbestekoak izeneko zerrendatik hautatuak dira. Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo booktrailerrik onenak eta bi taldeek ostiralean Donostian (Tabakaleran) ospatuko den sari banaketa ekitaldian jasoko dute haien saria.

Giro aparta izan da gaur Azkuna Zentroko Bastida aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!

Booktrailer guztiak  eta egitasmoari buruzko info gehiago topatuko duzue laster www.ibbygaltzagorri.eus/liburu-gaztea/ estekan.