Hemeroteka

2024-05-23

Bizkaiko Liburu Gaztea egitasmoaren bigarren edizioko sari banaketa ekitaldi arrakastatsua Azkuna Zentroan

Maiatzaren 23an, goizeko 11:00etan, 2023-2024 ikasturteko Liburu Gaztea lehiaketaren Bizkaiko sari banaketa ekitaldia ospatu da Bilbon, Azkuna Zentroko Bastida aretoan.

Han elkartu dira aurtengo Liburu Gaztea lehiaketako Bizkaiko talde finalista eta irabazleak, aurtengo liburuaren trailerrik gustukoenak zeintzuk izan diren ezagutzen. Halaber, Ainhoa Etxebarria aurkezleak gidatutako sari banaketa ekitaldian izan dira Eider Eibar, ilustratzailea eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea, eta Nestor Atxikallende, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Burua, lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean. Horiez gain, Usoa Wyssenbach itzultzailea ere egon da ekitaldian.

Epaimahaiak honako adituek osatu dute: Ane Lusarreta (Bizkaiko epaimahaikide), Aurelio Erdozain (Bizkaiko epaimahaikide), Irati Zaldua (Gipuzkoako epaimahaikide) eta Nader Koochaki (Gipuzkoako epaimahaikide). Publiko zabalak, berriz, boto bidez erabaki ditu publikoaren bi sarien irabazleak.

Guztira, lau sari banatu dira:

  • Epaimahaiaren sariak:
    • Ikastetxeen kategoria: DBH1-2 multzoko irabazleek eta DBH3-4 multzokoek abentura txangoa eta 250 euroko bonua irabazi dute liburu eta diskotan gastatzeko.
    • Norbanakoen kategoria: e-readerra, vlogger izateko set txikia eta liburu eta diskotan gastatzeko 150 euroko bonua irabazi du.
  • Publikoaren saria: talde irabazleak escape room baterako txartela eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonua irabazi du.

Ekitaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera izan dute talde finalisten gelakideek, eta ziur gaude irabazleen emozio eta tentsio berberaz ikusi dutela sari-banaketa.

Parte-hartze handia

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 42 ikastetxek hartu dute parte lehiaketa bikoitz honetan. Bizkaiko Foru Aldundiari esker bigarren aldiz Bizkaian egin den lehiaketan Bizkaiko DBHko 16 ikastetxek eman dute izena; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta hamabi urte bete dituen lehiaketan, berriz, Gipuzkoako 26k. Guztira, 3.000 ikasle inguru izan dira lehiaketan esku hartu dutenak. 362 booktrailer sartu dira lehiaketan: 357 Ikastetxeen kategorian eta 5 norbanakoenean.

Sari nagusiak

Bizkaian Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, TXINKILIMAK taldea izan da garaile, Esther Ferrer eta denbora: (ia) guztia moztu eta itsats daiteke (Pamiela, 2022) liburuaren booktrailerrarekin. Hortaz, Markina BHI ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Saria Pamiela argitaletxeko editore den Carmen Elviraren eskutik jaso behar bazuten ere, azkenean Eider Eibarren eskutik jaso dute.

Epaimahaiaren iritzia: “Oso ederra norbere bizitzako uneetara jotzea eta off ahotsa erabiltzea denboraren joana errepresentatzeko. Artxibo pertsonaleko argazkiekin egindako muntaia asko gustatu zaigu". Baliabide bera erabili dute, esaterako, egutegiarekin ere bai. Esther Ferreren elkarrizketa bat bilatu eta zatiak hautatzeko lana hartu dute. Ongi biltzen du liburuaren esentzia eta irakurtzeko gogoa edo gaiaren inguruan hausnartzeko grina pizten ditu”.

Kategoria berean, baina, DBH3-4 multzoan, LONS taldeak Frankenstein efektua (Giltza, 2020) liburuari buruz egindako booktrailerra izan da onena epaimahaiaren iritziz. Bilboko San Nikolas Ikastetxeko ikasleek jaso dute, Nestor Atxikallende, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko Buruaren eskutik.

Epaimahaiaren iritzia: “Ederki osatu dute gidoia eta karakterizazioa primerakoa da. Interpretazioak ere politak. Amua oso ongi botatzen dio balizko irakurleari. Gainera, Off ahotsak esaniko esaldiak “denboraren mugak gainditzen dituen amodiozko istorioa” are eta iradokigarriago egiten du liburuaren irakurketa. Lan osoa da, biribila”.

DBH 3-4 multzoko JAMS taldeak, bestalde, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022) komikiaren booktrailerrarengatik. Haien hitzetan, “iradokitzailea, gehiegi kontatu gabe pistak ematen ditu, irakurtzeko gogoa pizten du... Kamera mugimendu ederrak erabili dituzte eta oso modu koherentean erabaki dute noiz erabili plano zenitala, noiz xehetasun planoa... Irudi politak sortu dituzte egoera konkretuak errepresentatzeko. Oso polita, esaterako, bonbardaketa irudikatzeko modua; edo publiko gisa liburuko marrazkiak erabiltzea. ZORIONAK!”.

Epaimahaiaren sariekin amaitzeko, Norbanakoen kategoriako saria ere banatu da. Izaro Pagalday Aburto zornotzarra izan da aurtengo irabazlea Jessicaren itzala (Desclée, 2017) liburuari buruzko booktrailerrarekin. Usoa Wyssenbach itzultzailearen eskutik jaso du saria.

Publikoaren Sariak

Publikoaren Sariak ere ekitaldian eman dira jakitera. Guztira, 2.054 bozka bildu dira aurten. Ikastetxeen kategorian, Bizkaian, Zornotzako Lauaxeta Ikastolako IZARRAK taldeak irabazi du 334 bozkarekin, Lur Gallastegik idatzi eta Unai Aranak ilustratutako Azken dantza New Yorken liburuaren booktrailerra eginez. Eider Eibar ilustratzaile eta Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak eman die saria.

Norbanakoen kategoriari dagokionez, saria bateratua izan da Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurkeztu diren bost taldeen artean bozka gehien jaso duen lana ere Azken dantza New Yorken liburuari buruzkoa izan da eta bost kidek osatutako talde eibartarrak irabazi du. Talde horrek maiatzaren 29an Donostian ospatuko den ekitaldian jasoko du saria.

Giro aparta izan da Azkuna Zentroko Bastida aretoan. Mila esker guztioi bertan parte hartzeagatik eta zorionak irabazleei!