Hemeroteka

2024-11-26

Bitartekaritzari buruzko ikastaroan izena emateko azken egunak dira

Haur eta gazte literaturari eta bitartekaritzari buruz prestatu dugun ikastaro BERRIAN izena emateko epea itxiko dugu abenduaren 2an. EHUrekin batera antolatu dugu aurretik egiten genuen HGL Eskolan ikastaroaren segida gisa. 2025ean BITARTEKARITZA landuko dugu ikuspuntu praktiko batetik, Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren praktikak eta estrategiak izena jarri diogu.

Ikastaroaren lehenengo saioan Herrialde Katalanetatik Anna Juan Cantavella ekarriko dugu bitartekaritza zer den azal dezan. Garazi Arrula editoreak liburu bat nola egiten den azalduko digu, zergatik aukeratzen du, esate baterako, paper hau eta ez bestea? Juankar Alonsok psikologiaren ikuspuntutik kontalaritzarako praktikak proposatuko ditu. Eskola liburutegiak, liburutegiak eta eskolak bitartekaritzaren espazio gisa ekarriko ditugu Idoia Sobrino, Igor Idoate eta Nora Uribeetxeberriaren eskutik —hurrenez hurren—. Bitartekaritza eta sormena zuzenean lotuko ditugu eta sortzaileei ahotsa emango diegu. Gurekin izango dira: Juan Kruz Igerabide, Saroa Bikandi, Intza Alkain, Patxi Zubizarreta, Leire Bilbao, Maite Gurrutxaga eta Joseba Larratxe. Azken atalean, bitartekaritzaren praktikak azalduko dizkigute Miren Billelabeitiak eta Mireia Delgadok.

Ikastaroa Donostiako EHUko campusean izango da, urtarrilaren 8tik apirilaren 9ra arte, asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara. HGL Eskolan ikastaroa egin bazenuen, animatu, hura osatuko duen ikastaro berria sortu baitugu eta ez baduzu gure ikastarorik egin eta, gaia zure interesekoa bada, izena eman, ez zaizu damutuko.

Ikastaro berri honen helburuak eta mamia ezagutu nahi badituzu, hementxe entzun dezakezu Arrosa sareko irrati guztietan azaroaren 22an eskaini zen elkarrizketa. Alex Gurrutxaga ikastaroaren arduradun akademikoak ematen ditu azalpenak.  

IZEN-EMATE INPRIMAKIA