Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-11-18

BIKOTEKAn izena emateko epea ireki dugu

BIKOTEKA, liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean izena emateko epea ireki dugu. Interesa duten idazleek eta ilustratzaileek izena abenduaren 5era bitartean eman ahalko dute. Tailerra Iruñean egingo dugu urtarrilaren 27tik 31ra, Ziudadelako Armen Aretoan. 2025eko edizioaren gidariak Maite Mutuberria ilustratzailea eta Iñigo Astiz idazlea izango dira —Mutuberriarena da BIKOTEKAren kartela—. Hizlari gonbidatuak Teresa Benéitez A fin de Cuentos argitaletxeko editorea eta Xabi eta Eneko Salaberria 1545ekoak izango dira.

Parte hartzaileei lau egun eta erdiz 37 orduko tailerra eskainiko zaie. Hautatuak izanez gero, euren konpromisoa saio guztietara joatea izango da; bestelakoan, formazioa doanekoa da. Izena bakarka edo bikotean (idazle/ilustratzaile) eman ahal da. Zortzi bikote osatuko dira, eta izena bakarrik emanez gero, gidariek bikotuko dituzte. Parte hartzeko baldintza orokorren artean daude: ez dute zertan argitaratutako lanak izan behar, egile berriak lehenetsiko dira, euskaraz jakitea ezinbestekoa da eta Galtzagorriko bazkide izatea baloratuko da. Izena ematerakoan CVa, NANaren kopia eta telefono zenbakiarekin batera ilustratzaileek elkarren artean lotutako hiru ilustrazio bidali beharko dituzte (argitaratuak edo gabe) eta idazleek orrialde bateko testua (argitaratua edo gabe). Hori guztia honako helbidera bidali beharko dute abenduaren 5a baino lehen: administrazioa@ibbygaltzagorri.eus.

Aukeratutakoei abenduaren 16ko astean komunikatuko zaie. Informazioa osorik hemen