Bihar, maiatzaren 17an, 2018-2019 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dugu Tabakalerako zinema-aretoan (11:00).
Bertan izango dira Iñaki Markotegi, elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia, Garbiñe Mendizabal; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean.
Ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izango dira gure artean. Jasone Osoro idazlea eta Joseba Landa (Desclée), besteak beste.
Guztira, lau sari banatuko dira. Ikastetxeen kategorian bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana emango da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan.
Ondoren, Publikoaren Sariak ere izango dira. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana emango da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Sari nagusiaren irabazleak ekitaldian bertan jakinaraziko dira. Irabazleen izenak ezagutu nahi? 200 bat lagunek -lehiaketan esku hartu duten gazteak, gehienak- beteko dute Tabakalerako zinema-aretoa.
Hantxe espero zaituztegu!