Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-08-27

Bigarren urtez antolatu dute Booktube Power lehiaketa

Liburu bat aurkeztu eta defendatu honen irakurketa sustatzeko, minutu 1eko bideoaren bidez. Hori da Seint San Deniseko (Paris) Haur Liburu eta Prentsaren Saloiak sortutako Booktube Power (http://www.booktubepower.fr) izeneko plataformari lotuta antolatu duten bigarren Booktube Power lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek egin behar dutena.

Gazteek bideo bidezko kritika literarioa egitea da lehiaketa honen xedea. Booktube erako lanak, alegia. Irailetik azarora bitarte dute gazteek booktubeak aurkezteko aukera, bi kategoriatan: 11-14 urte bitarteko booktubeak eta 15-20 urte bitarteko booktubeak. Bakoitzetik 5 finalista hautatu ondoren, publikoak erabakiko du horien artean irabazlea zein den. Eta abenduan, Seint San Deniseko Saloian bertan emango dira bi irabazleen izenak.

Galtzagorri Elkarteak ere Galdakaoko Udalarekin lankidetzan euskarazko lehen Booktube lehiaketa jarri zuen martxan iaz: Galdakaoko I. Booktube Lehiaketa. Euskarazko lehenengo 46 booktubeak izan ziren honen emaitza. 2016. Urtean bigarren edizioa abiatuko dugu: irailean hasi eta abendura arte gauzatuko da. Beraz, Galdakao eta galdakaoztarrak aitzindari izaten ari dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen.

Booktubearen Indarra

Booktube Power (https://www.youtube.com/watch?v=-MjBl8MZYFU) izeneko plataforma bideo edukien difusiorako plataforma bat da. Seint San Deniseko Haur Liburu eta Prentsaren Saloiak sortu zuen eta honen helburua gazteentzako liburuen inguruan gazteekin lan egiteko aukerak eskaintzea da. Plataformak “imaginatzeko milaka aukera eskaintzen dituela” diote honen sortzaileek eta bitartekariek gazteekin gelan, liburutegian, gaztegunean… erabili ditzaketela plataforma honetako eduki eta baliabideak. Besteak beste, plataforma honek 2007tik 60 egile baino gehiagori grabatutako elkarrizketen bideo sorta jasotzen du; Kritika literarioa egiteko aholkuak eta bideo bat nola grabatu ere azaltzen du.