Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-11-25

Bigarren aldiz egingo da Booktube Lehiaketa Galdakaon

Galdakaoko II. Booktube Lehiaketa abian da. Galdakaoko Udalak eta Galtzagorri Elkarteak antolatuta bigarren aldiz egingo da lehiaketa. Iaz 50 bat booktube aurkeztu ziren lehiaketara eta oso harrera ona izan zuen parte hartzaileen artean. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko bide berri bat jarri zen martxan lehiaketa honekin eta aurtengo edizioarekin galdakaoztarrak aitzindari izaten segiko dute mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen.

Lehiaketa herri mailakoa izango da eta bertako DBHko ikasleek (12-16 urtekoek) hartuko dute parte. Aurten, herriko hiru ikastetxek hartuko dute parte: Eguzkibegi Ikastola, Bengoetxe BHI eta Elexalde BHI. Beraz, 12- eta 16 urte bitarteko galdakaoztar gehienak ariko dira aurten booktuber lanetan, euskarazko liburuak irakurri eta gomendatuz.

Parte hartzaile bakoitzak lehiaketarako proposatutako liburu bat irakurri eta booktube bat sortu beharko du, hau da, booktuberrek egin ohi duten moduan; liburuari buruzko bere iritzia eman beharko du kamera baten aurrean. Hori grabatu eta youtuben Galdakaoko Booktube Lehiaketak duen kanalean argitaratuko da ondoren. Booktubeak lehiaketara bidaltzeko aukera azaroaren 21etik 28ra zabalduko da.

Guztia urratsez urrats nola egin jakiteko, Galtzagorri Elkarteak irakasleei zuzendutako formazio saioa eman zuen lehengo astean Galdakaon. Baina, horrez gain, egitasmoari buruzko informazio guztia lehiaketaren blogean aurki daiteke: https://booktubelehiaketa.wordpress.com/. Bertan daude booktube fenomenoari buruzko xehetasunak, iazko booktubeak eta lehiaketa honetan parte hartzeko argibideak.

Hainbat sari daude jokoan:

- DBH1-DBH2ko booktuberik onenaren egileei e-reader bana.

- DBH3-DBH4ko booktuberik onenaren egileei e-reader bana.

- Ikastetxe bakoitzarentzat: ikastetxeko booktuberik onenaren egileentzat, 30 euroko bono bana Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan gastatzeko eta power bank bana.

Epaimahai batek hautatuko ditu booktuberik onenak eta Gabonen aurretik egingo den sari-banaketa ekitaldian jakingo dira irabazleen izenak.