Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-09-10

Bibliotekaria ispiluaren aurrean formazio saioa eskainiko du Galtzagorrik Aldeek antolatuta

Bibliotekarien eguneroko zereginen artean bada bat nahikoa korapilatsua gerta daitekeena: hain zuzen ere, haurren gurasoei irakurketaren inguruko gomendioak ematearena. Gai honen inguruko ikastaroa eskainiko dute Galtzagorri Elkarteko lehendakari eta eskola liburuzain den Iñaki Markotegik eta Galtzagorri Elkarteko Liburuen Altxorra egitasmoaren gidari den Imanol Mercerok irailak 30ean eta urriak 1ean Gasteizko Artium Museoan. ALDEEk (Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak) eskatuta eta antolatuta eskainiko du formazio hau Galtzagorri Elkarteak.

 

Xedea

“LIBURUZAINA ISPILUAREN AURREAN: Liburuzainaren oinarrizko jakintzak gurasoei aholkuak emateko” izeneko ikastaroak 10 ordu iraungo ditu. Markotegik eta Mercerok, literatur gomendioak ematerako garaian, aldi berean erabili behar diren irizpide ezberdinetan sakonduko dute: haurrak eta bere inguruneak literaturarekin daukaten harremana, adina, gaitasuna, zaletasuna, berezkotasuna, bakarka ala lagundurik irakurriko duen,... eta guztietan giltzarria izaten dena: irakurketa borondatezkoa den, ala behartua.

 

Ildo nagusiak

Goizeko 9:00etatik 14:00etara bi egunetan eskainiko den ikastaroan, honako lau esparruak landuko dira:

1. Haurraren irakurketa gaitasunaren garapena: haurraren ahalmenak eta behar pedagogikoak eta gurasoen desirak bereizten jakiteko.

2. Euskal sortzaileen eta euskarazko sorkuntzen historia.

3. Gure haur literaturara ekarri diren ezinbesteko obrak.

4. Azken hamarkada hauetan literaturak hartu duen norabideaz hausnartu: “baloreen literatura” deituaz.

 

Izen ematea

Izena emateko ALDEEra idatzi aldee@aldee.org edo deitu behar da: 943462024. Parte hartzeko ALDEEko bazkideek 100 euro ordaindu behar dituzte; bazkide ez direnek 150. Langabeek prezio berezia dute: 50 euro.