Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-11-25

Beste hitzak programaren barruan sortzaileentzat egonaldiak

Donostia Kulturak eta Donostia 2016k Beste hitzak (Other words) hizkuntza txiki edo gutxituen Europako literatuta zirkuitua aurkeztu dute gaur. Egitasmoak hizkuntza gutxitu eta txikietan idazten duten idazleentzat Europan sorkuntza-egonaldien zirkuitu bat osatu nahi du, hainbat herrialdetako bazkide sarearen bitartez. Lehiaketako oinarriak gaur kaleratu dira, eta idazleek abenduaren 14ra arteko epea dute izena emateko.

Idazleen lehenengo egonaldiak 2016ko udaberrian izango dira; martxoaren 21etik maiatzaren 22ra.

Proiektuaren ardatzak honakoak dira:

1. Egoitzak. Proiektuaren ardatz nagusia dira, proiektuak herrialdeen arteko idazle “trukea” baitu oinarri. Hau da, lurralde parte-hartzaile bateko idazle batek beste herrialde partehartzaile batean igaroko ditu zortzi aste. Herrialde bakoitzeko bi idazle joango dira beste herrialde batera, beraz, urtero 10 idazlek parte hartuko dute urtero. Herrialde bakoitzak bi idazle bidaliko ditu eta beste bi jasoko ditu.

2. Literatur sorkuntza proiektuak. Egonaldietan idazleek gai, sektore edo errealitate ezkutuen inguruko gaiak landuko dituzte eta horien inguruko literatur testu bat izango da azken emaitza, betiere, komunitate hartzailearekin harremanean eta sorkuntza prozesuari ikusgarritasuna emanez, egonaldian zehar hainbat ekimenetan parte hartuko baitute idazleek hori lortzeko.

3. Itzulpenak. Esan bezala, proiektuaren helburuetako bat hizkuntza gutxituen edo txikien literatura ezagutaraztea eta idazleen arteko harremana bultzatzea denez, egonaldietan sortutako testuak bazkideen hizkuntzetara eta ingelesera itzuliko dira. Era horretan, “beste hitzak” eta “besteen hitzak” geureganatuko ditugu.

4. Webgunea. Beste hitzak egitasmoko lanak eta baita sorkuntza prozesua bera berariaz horretarako sortutako webgune batean azalduko dira, eta hori izango da egitasmoan egindakoa ezagutarazteko oinarria.

Hautatutako idazleek 8 asteko egonaldia egingo dute beste herrialde batean, kasu honetan, euskal idazleek Eslovenian egingo dute egonaldia 2016an. Bertan gastu guztiak ordaindu zaizkie eta ordain-saria ere izango dute. Idazleek aurkezteko oinarriak proiektuaren webgunean dituzte: www.bestehitzak.eus eta www.otherwords literature.com.