Behinola euskarazko haur eta gazte literatura aldizkari bakarraren 25. urteurrena ospatu dugu. 25 urte eta 50 aldizkari! San Telmo museoan ospakizun xumea egin genuen, aretoa orain arte argitaratu ditugun zenbakiekin apaindu genuen, argitxoekin, tartarekin, eta gonbidatuak photocallean hartu genituen, aldizkariaren marka den ikonografiarekin batera argazkiak egiteko.
Handik aurrera, gonbidatuen arteko solasaldiak, elkartzeak ematen duen poza eta aldizkaria elkarrekin sortu izanaren harrotasuna. Manu Lopez Gasenik eta Miriam Lukik hitza hartu zuten aldizkariaren lehenengo koordinatzailea eta gaur egungoa direnez gero, eta Migel Asiain Osiok solasaldia gidatu zuen. Labur egin zuten 25 urteko atzerabegirakoa; orain 25 urteko ekosistemaren zertzelada batzuk eman zituen Lopez Gasenik eta Lukik aurrera begira dituzten erronkak aletu zituen.
Jarraian, tarta zatitu eta banatu genuen, eta, barruak gozatu ondoren, Mireia Delgadoren kontaketak barrenak goxatzeko bidea eman zigun; nork bere zauriak josteko jostorratza paparrean daramagula eta hariekin zauriei begiratu eta haiek josteko baimena hartu genuen, barre egitekoa ere bai. San Telmo Museo kanpoko terrazako aterpean topa egin genuen Behinola aldizkaria posible egiten duten artisauok; garen guztiak ez geunden, baina geunden guztiak baginen.
Bide batez, Berriak, urteurrenaren harira, Juan Kruz Igerabide Galtzagorriko lehendakariari egindako elkarrizketa batekin esnatu ginen (norbaitek galdu bazuen, hor doa lotura).