Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-12-17

Behinola 50 haurren eta gazteen eskutik

Behinola aldizkariaren 50. zenbakia argitaratu dugu eta, zenbaki berriarekin, Galtzagorri elkarteak aldizkaria sortu eta publikatzen duela 25 urte betetzen direla ospatuko dugu. Ospakizuna zenbakia bera da non haurrei eta gazteei hitza eta arkatza eman, eta aldizkaria goitik behera idatzi eta ilustratu duten. Hain zuzen, haiei buruz hitz egiteari utzi diogu haiek mintza daitezen.

Etorkizunaren gaia jarrita, 3tik 17 urte artekoek liburuak gomendatu dizkigute, gogoeta egin dute eta sormena praktikatu dute. Zenbakia haurren eta gazteen unibertsoan sartzeko aukera paregabea dela aurreratzen dizuegu. Nola ikusten dute etorkizuna? Zer sentitzen dute teknologiaren aroan? Zer irakurtzen dute? Zer sortu? Nola irudikatzen dute euren burua etorkizunean?

Azala eta kontrazala 3-7 urte bitarteko haurrek egin zuten Elena Detalleresekin Azkuna Zentroan, Bilbon, egin genuen tailerrean; guraizeekin moztu zituzten horizonteak dira. Barruan Sormenez atalean poema zoragarri bat dago, eta hura bezain zoragarria diren ilustrazioak; material hori Oiartzungo Ehuntze espazioan Idoia Beratarbiderekin eta Oier Guillanekin egindako tailer baten emaitza da. Etorkizunari buruzko hamahiru elkarrizketa daude; Donostiako Jesuitinas ikastetxeko DBH4ko ikasleek elkarri egindakoak dira. Albisteak Donostiako Santo Tomas Lizeoko LH4ko ikasleek sortu dituzte. Etorkizunaren distopia eta utopia bana idatzi dituzte Mungiako BHI Institutuko zenbait ikaslek. Iruzkinak handik eta hemendik lortu ditugu, asko eta asko Markinako Bekobenta Eskola Publikoan egin dituzte. Kuttuna, Zer Ekarriko eta Denbora-pasa atalak erredakzio batzordeko gertuko lagunek egin dituzte.

50.ena ez da nolanahiko zenbakia. Barre egingo duzue irakurtzen, zer pentsatua emango dizue eta haurren eta gazteen ahotsak gehiagotan entzuteko gogoa sartuko zaizue; hori da behintzat guri gertatu zaiguna. Ez galdu eskuratzeko aukera!

Ospakizun festa(k)

Ospakizunen barruan, Gasteizen abenduaren 20tik 22ra ospatuko duten Mazoka ilustratzaileen ferian izango gara Behinola aurkezten; 22an, igandean, 12:30ean, aldizkariaz arituko da Miriam Luki Albisua koordinatzailea.

2025eko otsailaren 8an, Donostiako San Telmo Museoan festa egingo dugu. Aldizkariaren 50. zenbakian parte hartu duten haurrak eta gazteak gonbidatzeaz gain, 25 urte hauetan guztietan gurekin kolaboratu duten ilustratzaileak, idazleak, argitaletxeak eta bestelako bitartekariak zein artistak gonbidatuko ditugu.