Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-05-02

Badatoz LG lehiaketako sari banaketak eta dagoeneko baditugu izen batzuk!

Dagoeneko baditugu finalisten izenak! Bizkaiko zein Gipuzkoako epaimahaiek Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketan finalera sailkatu diren trailerrak hautatu dituzte. Hortaz, azken txanpara iritsi gara eta laster izango dugu irabazleen berri, lagunok!

Gainera, publikoaren bozka jasotzeko fasea itxi berri dugu eta baditugu publikoaren bozka gehien jaso dituzten booktrailer bideoen izenak! Hala ere, guzti honen berri datozen egunotan izango duzue, hain zuzen ere, LIBURU GAZTEA booktrailer sari banaketa ekitaldietan.

Lehenengoa Bizkaian izango da, AZKUNA ZENTROko Bastida Aretoan. Ekitaldia maiatzaren 16an izango da, goizeko 11:00tan. Bestalde, KUTXA KULTUR-ek, aurten ere, gure ekimenarekin bat egin nahi izan du eta haiekin elkarlanean antolatuko dugu aurtengo Gipuzkoako sari banaketa. Hain zuzen, Maiatzaren 19an, goizeko 11:00tan, Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan. Bi ekitaldi horietan ezagutuko ditugu irabazleen izenak.

Aretoen eduki arauak direla eta, ekitaldiak presentzialak izango badira ere, ezingo dute ikastetxeko kide guztiek bertaratu. Horregatik, sari banaketa streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da. Horretarako estekak aurrerago partekatuko ditugu. Hartara, ikastetxean geratzen zaretenok ere zuen apustuak egin eta zuzeneko txatean animoak eman ditzakezue!

Esan bezala, bi probintzietako kategoria bakoitzean 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?

Bizkaia:

DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, GU ERE PUTAK (Markina BHI) eta LAUBURUAK (Markina BHI) taldeak Hormak liburuaren trailerrekin eta OLATZ, JUNE, IDURRE (Beurko BHI) Bi abentura eta amodio bat liburuaren trailerrarekin.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, MALTE TALDEA (San Nikolas Ikastola) eta LONS Gezurra liburuaren trailerrekin eta JAKINTZA ERTAINAK (San Adrian Institutua) Maitasun sua liburuaren booktrailerrarekin.

Gipuzkoa:

DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, BIZKOTXITOAK (Koldo Mitxelena BHI) Jessicaren itzala liburuaren booktrailerrarekin, CHUPA CHUPS TALDEA (Koldo Mitxelena BHI) Limoiondoaren loreak liburuarekin eta GRAGONPUSEL TALDEA (Egiluze ikastetxea) Ezekiel liburuaren booktrailerrarekin.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, ETSAIAK (Jesuitinas Donostia) Etsai gordea liburuaren trailerrarekin eta NESKA SALATZAILEAK eta LETXUGINOAK (Jesuitinas Donostia) Kulero salatzaileak liburuaren booktrailerrekin.

Esan bezala, publikoaren bozka gehien jaso duten ikastetxe eta norbanakoen kategoriako bi booktrailerrak ere sarituak izango dira ekitaldietan. Maiatzaren 16an, Bilbon, eta 19an, Donostian, jakingo dugu nor den kategoria bakoitzeko irabazlea.

Lau lagunentzako abentura txangoak eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 100 eta 200 euroko bonuak daude jokoan. Nor izango ote da aurtengo booktrailer zuzendari eta interprete garailea? Egin apustu!

Eta, ez ahaztu! Bozkatu duten pertsona guztien artean bi sari zozkatuko dira, bata Gipuzkoan eta bestea Bizkaian. Aurrerago izango duzue honen berri ere!