Azaroaren 23an izango da, Donostiako Liburutegi Nagusiko Sotoan, San Jeronimo kalean. Galtzagorri elkarteak Ipuin Kontalarien Maratoiaren hamargarren ekitaldia antolatu du Haur Liburutegi Nagusiarekin elkarlanean. Aurtengoan ere, egitarauak haurrak, gazteak eta helduak erakarri nahi ditu.
Hona prestatu dugun egitaraua:
11:00. PELLO AÑORGA. Irudi-liburuak kontatzen. 2-4 urteko haurrentzat. Album klasiko batzuk kontatuz gain, urte honetan Añorgak sortutako album batzuk kontatuko ditu (aurten argitaratuak). Errituak, objektuak, kantak, errimak, hitz-jolasak eta inprobisazioa lagun, haurren zein gurasoen arteko konplizitatea eta parte hartzea bilatuz, umorerik ederrenean.
12:00. AMAIA EGIDAZU eta SAROA BIKANDI. Poltsikorako poemak. Poesia kontaketa. 4-8 urteko haurrentzat. Poltsikorako poemak umeei bideratutako poesia kontaketa bat da, ahotsaz, gorputzaz eta irudiaz lagundua. Egidazu eta Bikandik sortutako poema ilustratu desberdinak jasotzen dituen bildumatxoa erabiliko dute oinarri moduan. Umeekin erritmoa, errima, hizkuntza eta ahozkotasuna lantzeko baliabide bikainak dira. Kontakizunak istorio dibertigarriak eta sorpresak gordetzen ditu, haurrek istorio txiki bakoitza entzun, ikusi eta ukitzeko aukera izango dutelarik, beraien gozamenerako.
17:00. DORLETA KORTAZAR. Zaku bete ipuin. 8-14 urteko gaztetxoentzat.
Zaku berria ipuin zaharrekin
Zaku zaharra ipuin berriekin
Ipuin bete zaku, zer daukagu?
Zaku bete ipuin, zuk bai jakin!
18:30. MEJILLON TIGRE KOLEKTIBOA. Eider Adeletx eta Ane Zubeldia. Hitz esana. Spoken worda.
Gazte eta helduentzat. Spoken word formatua darabilen poesia-emanaldia da HITZ ESANA. Zer da spoken word delakoa? Batez ere ingeles hiztunak diren herrialdeetan landutako poesia-molde konkretu bat: ahoz gora esateko idatzitako poesia; errepikari, erritmoari eta hitzen soinuari arreta berezia ematen dion poesia; entzulearekin zuzen-zuzenean komunikatu nahi duen poesia; gorputzaz ahazten ez den poesia; esan egiten den poesia; momentuan gertatzen den poesia.
Molde hori oinarritzat hartuta, Mejillon Tigre kolektiboak HITZ ESANA emanaldia osatu du: bi gorputz, 15 bat pieza indibidual, eta poesia emanalditik baino kontzertutik gertuago egon nahi duen formatua. Esateko ez baita gauza handirik behar: jasotako guztiarekin eta horren kontra aritzea. Zeharkatzen gaituzten bizipenak piezen muinean kokatzea: etxebizitza, sexu-indarkeria, gorpuztasuna, idoloak, erreferenteak. Hitz soilak eta, noizbehinka, musika nahasian, esandakoa eta beste guztia ere hel dakion entzuleari.
Saioak doan dira, baina izen ematea beharrezkoa da, erreserbatu botoiko inprimakia betez.
Mejillon Tigre kolektiboko Hitz esana emanaldian parte hartzeko, hemen.
Edozein zalantza izan ezkero, jarri harremanetan haur liburtegiarekin, honako helbidean: haurliburutegia@donostia.eus