Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-10-21

Badator ipuin kontalarien IV. Maratoia

Galtzagorri elkarteak Ipuin Kontalarien IV. Maratoia egingo du urriaren 20an Donostian, Donostiako Haur Liburutegi Nagusiarekin elkarlanean.

IV. Maratoiaren baitan lau ipuin kontaketa saio eskainiko dira, Donostiako Liburutegi Nagusian (San Jeronimo Kaleko sotoan, Donostian). Egitarau anitza prestatu dugu, haur, gazte eta helduak erakartzeko asmoz. Egun osoko saioetan, ipuin musikatuak, antzeztuak, ilustrazioz jantzitakoak… entzun eta gozatu ahal izango ditugu.

Egitarau zehatza

Adin ezberdinetako haur, gazte zein helduentzat prestatu ditugun lau saioak hauek dira:

o 11:00. Amaia Fernandez eta Elena Setién. Ipuin borobilak. Ipuin kontaketa musikatua. 3-6 urteko haurrentzat.

Haurrak eta gurasoak parte-hartze aktibo batera bultzatzeko xedez, hiru ipuinez osatutako kontaketa saio hau bi kontalarien arteko elkarrizketa musikalaren bidez gauzatzen da.

o 12:00. Mireia Delgado eta Nagore Txintxurreta. Zirimola. Ipuin kontaketa ilustratua. 6-9 urteko haurrentzat.

Hitzak, ilustrazioak, begiradak eta isiluneak hartu, lapiko batean sartu eta su txikian ipiniko dituzte Delgadok eta Txintxurretak. Apurka-apurka, zirimola txikiak eta handiak sortuko dira bertaratutakoen baitan … ssshhhh…

6-9 urte bitarteko haurrentzat diseinaturiko ipuin-kontaketa ilustratua da hau. Irudiak, asmakizunak, ipuin laburragoak, luzeagoak eta olerkiak tartekatzen dira ordu beteko saioan zehar.

o 17:00. Maider Galarza eta Luisma Remesar. Mundutik kontu kantari. Ipuin kontaketa musikatua. 10-14 urteko gaztetxoentzat.

Pertsonek ahots ezberdinak dituzten bezala, kulturekin ere gauza bera gertatzen da. Baina ahots horiek entzuteko belarriak erne izan behar ditugu, bestela, oharkabe egingo zaizkigu. Eta ezin izango dugu bertan gordetzen dituzten altxor guztiez gozatu. Horregatik, ahotsa eta entzutea zein garrantzitsua den badakigulako, musika eta ipuinen bidez, kultura desberdinak gerturatu nahi dizkiete Galarzak eta Remesarrek entzuleei. Kultura guztiek gordetzen dituzten altxor horietako bat bera ere gal ez dadin, entzuten den eta duen kultura ez delako inoiz desagertuko…

o 18:30. Beatriz Egizabal eta Intza Alkain. Ene bada badu! Gazte eta helduentzat. Umorezko ipuin kontaketa eta bakarrizketa saioa da hau, gazte zein helduei bideratua. Zenbait ipuin ezagun berreskuratu eta moldatu dituzte Alkainek eta Egizabalek. Bi aktore, baina pertsonaia asko; leku mugatu eta, aldi berean, mugagabe batean. Izan ere, espazioan sortuko duten guztia (pertsonaiak, elementuak...) euren gorputz eta ahotsez baliatuz egingo dute.

Saioak doan dira, baina izena ematen dutenek izango dute lehentasuna, saio bakoitzean lekua mugatua izango baita. Izena emateko, helbide honetara idatzi behar da: haurliburutegia@donostia.eus

Hemen duzue 2017an egin genuen Ipuin Kontalarien III. Maratoiko bideoa.