Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-03-14

Badator Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

1966tik, apirilaren 2an, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da nazioartean. Hain zuzen, data horretan bertan jaio zen Hans Christian Andersen idazlea. 1967tik urtero mezu bat eta bakarra zabaltzen du IBBYk bere ordezkaritzen bitartez, tartean Galtzagorri elkartea. Aurtengo mezua Kanadako IBBYaren ordezkaritzak prestatu du eta euskarara ekarri du Galtzagorrik haur euskaldunen artean lau haizetara zabaltzeko.

Galtzagorrik, halaber, bi egitasmo antolatu ditu apirilaren 2aren bueltan. Alde batetik, Gasteizeko Ignacio Aldecoa liburutegian Silent Books-Hitzik gabeko liburuak irekiko dugu, eta erakusketari lotutako ekintzak egingo ditugu. Adi gure albisteei! Horrez gain, Gipuzkoako Aldundiari esker, lurraldean barrena biran jarriko ditugu gure literatur aretoak martxoaren 21ean hasita. Informazio gehiagorekin etorriko gara! Bien bitartean gozatu eta umeei eskaini Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako Kanadako IBBYak prestatu duen mezua:

Munduko haurrei mezua 2022ko Haur Liburuaren Nazioarteko Egunean

Irakurtzea askatasuna da, arnasa hartzea.

Irakurtzeak beste era batera ikusarazten dizu gure mundua, eta sekula utzi nahiko ez dituzun munduetara gonbidatzen zaitu.

Irakurtzeak amets egitea ahalbidetzen dio zure espirituari.

Liburuak bizitza osorako lagunak direla diote, eta ados nago. Irakurtzen duzunean bakarrik hazten da zure unibertso perfektua.

Istorioak hegoak dira, eta goratzen laguntzen dizute egunero; beraz, bilatu zure espirituari, bihotzari, buruari mintzo zaizkion liburuak.

Sendagarriak dira istorioak. Osatu egiten dute, suspertu, inspiratu, irakatsi egiten dute.

Bedeinkatuak kontalariak eta irakurleak eta entzuleak. Bedeinkatuak liburuak. Mundu hobeago, argiago baterako sendagaiak dira.

Mahsi cho. Mila esker

Egilea: RICHARD VAN CAMP 

Itzultzailea: IÑAKI MENDIGUREN