Urtarrilaren 24tik 28ra Iruñean –Kondestable jauregian– egingo dugun seigarren BIKO-TEKA tailerrean parte hartzeko izen-emate epea ostiral honetan, azaroaren 26an, amaituko da. BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen diren astebetez. Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatzen duen lantegi honetatik dagoeneko, 80 idazle eta ilustratzaile baino gehiago pasa dira. Horietako batzuek Etxepare Literatura Saria irabazi dute tailerrean abiatutako album irudidunei esker; beste batzuk bertan hasitako proiektuak gauzatu ahal izan dituzte, eta hala, haurrentzako euskarazko album ilustratu berriak jaio dira BIKO-TEKAri esker. Eta guztiek aipatu izan digute Biko-Tekan parte hartzea esperientzia “itzela” izan dela eta lantegia “aberasgarria, osoa, zoragarria, intentsoa… “ bezalako hitzekin laburbildu izan dute parte hartzaileek.
Ikusi adibidez, zer kontatzen diguten Dani Martirena eta Miriam Luki idazleek BIKO-TEKAn bizitako esperientziaren inguruan. Martirenak eta Lukik 2018an eta 2019an parte hartu zuten, hurrenez hurren, BIKO-TEKAn.
BIKO-TEKA tailerraren helburu nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Bai eta idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, parte hartu nahi dutenek banaka edo bikoteka egin dezakete. Parte hartzeko baldintzak eta informazio osoa deialdian jasota dago.
2022ko BIKO-TEKArako aukeratuak diren zortzi bikoteek, Iñigo Astiz idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea izango dituzte bidelagun proiektu berrien sorreran. Album ilustratu edo nobela grafikoaren sormen-lanaz gain, hamaika ariketa egingo dituzte tailerrean arte-diziplina ugari uztartuz. Gainera, tailerraren VI. ediziora bi editore gonbidatuko ditu Galtzagorri elkarteak BIKO-TEKAn parte hartuko duten idazle zein ilustratzaileekin solasean aritu daitezen. Hain zuzen ere, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorea eta Inazio Mujika Ereingo editorea.
Animatu zaitez eta parte hartu!!