Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-06-07

Aurtengo MarraziOak tailerrean izena emateko epea ireki dugu

Bye bye, gizontxo! Tipoak, estereotipoak eta arketipoak goiburupean egingo dute Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak aurtengo ilustratzaileei zuzendutako MarraziOak tailerra. Irailaren 27tik urriaren 1era bitartean izango da, Donostiako Igeldoko Undermount elkartean. Izena emateko azken eguna uztailaren 11 da. Hamar ilustratzaileri emango zaie parte hartzeko aukera. 35 orduko tailerra doan egin ahalko dute. Izen-ematea egiteko bi ilustrazio bidali beharko dituzte. Horiez gain, gizonezko pertsonaia baten ilustrazioa egin beharko dute gogoko duten objektu batekin eta gizonezko pertsonaia hori bera umetan irudikatu beharko dute jostailu edo objektu batekin jolasean. Lan horiez gain, ohiko dokumentuak atxiki beharko dituzte –CV, NANaren kopia bat, posta elektronikoa eta telefono zenbaki bat–. Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du honako helbidera: administrazioa@galtzagorri.eus. Uztailaren 19aren astean jakinaraziko zaie aukeratuei. Deialdiari buruxko xehetasun guztiak hemen. 

Maskulinitatearen inguruko hausnarketa egitea proposatu dute bi gidariek. Badira urte batzuk antzeko tailerra egin zutela emakumearen errepresentazioa aintzat hartuta. Orain, arteak gizonezkoak errepresentatzeko erabili dituen moduak arakatuko dituzte. Gizonezkoek beren gorputzarekin duten balizko harremanari eta harreman horri buruz emakumezkoek duten ikuspegiari buruz eztabaidatzea da asmoa. Zein dira adinaren adierazleak, denborak gorputzean utzitako markak? Zein izan dira geure inguruan –familian, lagunartean– ezagutu ditugun gizonezkoen erreferentziak eta nola eragin du horrek geure istorioetan marraztu izan ditugun pertsonaien karakterizazioan? Zerk sentiarazten gaitu deseroso eta zergatik?

Ilustrazioaren, literaturaren, artearen eta zinemaren munduko zenbait adibide ekarriko dituzte irakasleek aurtengo MarraziOetara haietatik abiatuta maskulinitatearen errepresentazioan sakontzeko. Ariketa ugari egingo dituzte eta, ohi bezala, ilustratzaileek beren kabuz lan egiteko aukera izango dute.

Ordutegi jarraitua izango du tailerrak, 10:00etatik 18:00etara, astelehenean hasi eta ostiraleraino –bazkaltzeko ordubeteko tartea hartuko dute–. MarraziOak tailerraren XIII. ekitaldia izango da aurtengoa. Ilustratzaileei zuzendutako egitasmoa da eta Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen du.