Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren Kultura Sorkuntza 2021 dirulaguntzen deialdia egin berri dute. Gazteei zuzendutako literatura testuak sortzeko eta ipuin edo nobela laburrak sortzeko hamar dirulaguntza emango dituzte, bost modalitate bakoitzeko, 8.000 eurokoa bakoitza. Horiez gain, antzerkirako testuak sortzeko, zinerako gidoiak, musika-konposizioak eta koreografiak sortzeko laguntzak ere jasotzen ditu deialdiak.
Proiektuak bertsio originalean bidali beharko dira eta apirilaren 6a izango da dokumentazio guztia aurkezteko azken eguna. Aurrez aurre edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dira. Dirulaguntzei buruzko informazio guztia sareratu dute jada.
Ebazpena uda aurretik egingo dute eta dirulaguntzaren %75a jasoko dute irabazleek, %25a diruz lagundutako sormen-lana igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren ordainduko zaie, 2022an.
Horiez gain, beste diru-laguntza sorta baten berri eman dute. Hain zuzen, komikiak, nobela grafikoak eta irudidun albumak sortzeko laguntzak emango dituzte. 15.000 euroko lau laguntza emango dituzte komikiak edo nobela grafikoak sortzea helburu duten proiektuentzat eta 15.000 euroko hiru laguntza irudidun album edo liburu bat sortzeko edo ilustrazio-proiektuentzat. Epeak eta diru-laguntzen gaineko informazio guztia eskuragarri dago.