Idazle eta ilustratzaileek osatutako zortzi bikote izan dira hautatuak datorren astelehenean, hilak 29, hasiko den BIKO-TEKA 2018 Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartzeko. Horietako zenbait bikotean aurkeztu dira; beste asko bakarka, eta Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok bikotu dituzte.
Hain zuzen ere, Alonsok eta Canok gidaturik, hauexek izango dira Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan lau egun eta erdiz egingo den ikastaro trinko honetan parte hartuko dutenak: Maddi Orcajo + Miren Amuriza; Andrea Villamor + Andoni de Carlos; Arkaitz Barriola + Isabel Etxeberria; Irati Merino + Peio Lopez Iturri; Unai Gonzalez + Ixabel Agirresarobe; Amaia Lendinez + Izarne Zalaia; Ana Ibañez + Dani Martirena; Idoia Azkorra + Irati Elorrieta.
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin bigarren aldiz antolatu duen tailer honetan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute aipatu zortzi lan-bikoteek. Goiz eta arratsaldez jardungo dira, datorren astelehenetik ostegunera (urtarrilaren 29tik otsailaren 1era); eta goizez, ostiralean, otsailaren 2an.
Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreek tailerraren azken egunean saio bat eskainiko baitiete sortzaileei.
Euskaraz liburu grafiko eta album ilustratu berriak sortzea
Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Zentzu honetan, hautagaien arteko aukeraketan, egile berriak lehenetsi dira.
Tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak haurrentzako album ilustratu baten proiektua abiatzea lortu nahi da. Hain zuzen, proiektu horren abiapuntua, hasierako ideia, pentsatuta ekartzeko eskatu diete irakasleek (Aitziber Alonsok eta Harkaitz Canok) lan-bikote hauetako bakoitzari, astelehenean lanean hasi ahal izateko.
2017ko martxoan burutu zuen lehen aldiz Galtzagorri Elkarteak Biko-Teka tailerra, Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez. Iruñeko Udalak babestuta, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasle izan zituzten hiru egunetan zehar haurrentzako album ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartu zuten zortzi bikoteek. Bikote horietako batek (Ainara Azpiazu “Axpi”k eta Paula Estevezek) bertan abiatutako albumak irabazi zuen 2017an Etxepare Saria. Irabazle suertatu zen “Arraroa” (Pamiela) albumaz gain, tailerrean abiatutako beste zenbait lan ere aurkeztu ziren iazko sariketara.