Hemeroteka


Elkarbanatu
2013-10-27

Asun Balzola gogoan Liburutegiaren Egunean

Urriaren 24an Liburutegiaren Eguna ospatuko da. Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Lagunen Elkarteak, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin antolatzen du egun hau, eta hainbat jarduera egiten dira liburutegietan nahiz ikastetxeetan.

Donostia Kulturak eta Tabakalerak ere, urtero bezala, hainbat jarduera antolatu dituzte urriaren 22tik 24ra bitartean "Ondarera sarbidea" lelopean eta Liburutegiaren Egunean bertan Asun Balzola izango da jardueren ardatz nagusia.

"Asun Balzolaren Mundua: Haur Liburutegiko Bilduma" lelopean ilustrazio tailerra eta solasaldia egingo dira Haur Liburutegi Nagusian (Fermin Calbeton, 25).

Bi jardueretan Galtzagorri Elkarteko kideek hartuko dute parte. Ilustrazio tailerra Galtzagorri Elkarteko lehendakari den Aitziber Alonso ilustratzaileak emango du 8 eta 10 urteko haurrei zuzenduta, 17:30ean hasita.

Ondoren, Asun Balzolari buruzko solasaldia izango da. Bertan Jone Arroitajauregi Galtzagorri Elkarteko kide eta literatur adituak hartuko du parte "La verdadera historia de Munia y Iholdi (o por qué Balzola y Landa son amigas" hitzaldiarekin.

Jarraian, Mariasun Landa idazleak "La experiencia de nuestra amistad" goiburu hartuta hitz egingo du.

Ondoren, Balzolaren kolaboratzaile izan zen Rosaura Marquinezen txanda izango da "Trabajando en comun" hitzaldiarekin, eta amaitzeko, Donostiako Haur Liburutegiko arduraduna den Elena Oregi mintzatuko da Balzolaren bildumari buruz.

Hitzaldiak laburrak izango dira, eta guztien arteko solasaldiari bide emango die. Berau, Itziar Zubizarreta idazle eta Galtzagorri Elkarteko kideak zuzendu eta aurkeztuko du.

Amaieran, Asun Balzolaren ilustrazio originalak erakutsiko dira eta parte hartzaile bakoitzari salgai ez dagoen El mundo de Asun Balzola liburua oparituko zaio.

Bestalde, Donostiako gainerako liburutegietan egun hau ospatzeko ipuinaren orduak eta haurrentzako jarduerak egingo dira.

Aste guztiko egitaraua

Liburutegiaren Egunaren harira, ordea, aste guztiko egitaraua osatu dute Donostia Kulturak, Tabakalerak, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean.

Urriaren 22an, asteartearekin, "Analogikotik digitalera, ondarea begibistan" lelopean hainbat hitzaldi izango dira 10:00etan hasita. Guztiak euskara zeta Udal Liburutegi Zaharrean (Konstituzio plazan). "Ondarearen kofrea zabaltzen: digitalizazioa Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegian" hitzaldia emango du Susana Ariz KM Liburutegiko Liburuzain buruak. Ondoren, Arantza Mariskal Tabakalerako Ubik-eko arduradunak "Makusi: Tabakaleraren programaren edukiak kudeatzen" hitzaldia eskainiko du. Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko arduraduna den Francisca Pulgarrek, "Ondarenet eta Liburuklik: ondare digitalaren babesa eta hedapena" hizpide izango du. Amaitzeko, Donostiako Udal Liburutegiko zuzendari Arantza Urkia "Liburutegi Digitalaren ibilbidea, XIX. mendetik XXI. mendera" goiburu hartuta mintzatuko da. Hitzaldi hauetarako lekua mugatuak izango da. Izen-ematea honako helbidean egin behar da: liburutegia_alderdieder@donostia.org.

Urriaren 23an, berriz, hitzaldi irekia izango da 19:30ean leku berean baina gaztelaniaz. Javier Leiva sare sozialen inguruan ariko da "Reputación online: ¿Salimos bien en las redes sociales?" hitzaldiarekin.