Hemeroteka


Elkarbanatu
2024-11-12

Asun Agirianok Ibilbide Saria jasoko du Kutxa Fundazioaren eskutik

Azaroaren 16an Kutxa Fundazioak Donostia Literatura Sarien 57. edizioko irabazleei sariak emango dizkie eta, ekitaldi berean, Ibilbide Saria emango diote Asun Agiriano Altunari. Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartetako kideek osatutako epaimahaiak Agiriano aukeratu du (Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea). Eta, sariaren bitartez, Agirianok irakurketa eta euskal liburugintzaren alde egin duen ibilbide trinkoa eta esanguratsuari aitortza egingo diote, eta ohorezko garaikurra jasoko du larunbateko ekitaldian.

Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendaria da. Irakurketaren sustapena eta haur eta gazte literaturaren aldeko ibilbide luzea du. Filosofian lizentziaduna da eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du. Galtzagorri elkarteko lehendakari izan zen urte luzez, literatura kritikari hainbat agerkaritan (Gara, Ipupomamua, Sautrela…), hainbat sarietan epaimahaikide eta Galtzagorrik argitaratzen duen Behinola Euskal Haur eta Gazte Literatura aldizkari bakarreko erredakzio batzordeko kide ere izan da urte luzez. BIKO-TEKA tailerrean parte hartu zuen 2020an eta han abiatutako proiektua, Atzamarra albuma, argitaratu du Marina Garcia ilustratzailearekin 2022an, bi urte beranduago, Elkar argitaletxearekin.

Galtzagorri elkartean pozarren gaude Asun Agiriano lagunak jasoko duen sariagatik eta eskertuta ere bagaude urte hauetan guztietan gure proiektuak asmatzen, bultzatzen eta zabaltzen lagundu digulako. Zorionak Asun!