Hemeroteka

2019-06-21

Asier Iturraldek eta Aintzane Usandizagak irabazi dute 2019ko Etxepare Saria "Etxe honetan" album ilustratuarekin

Etxe honetan albumean edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, umorea maisuki erabiliz eta irribarrea lehen minututik sorraraziz. Etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi baten eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz goiti paratzera datorren ilobaren arteko harremana da Iturraldek eta Usandizagak sortutako albumaren gaia.

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia eta 23 lanen artean (inoizko ediziorik emankorrena) aukeratu dute Etxe honetan lana. Epaimahaiko kideek adierazi dutenez, “egileek ederki uztartu dituzte hitza eta irudia komikiaren trazuak dituen album eder honetan. Hitz gutxi baina nahikoen bitartez topikoetatik ihes egiten du eta lerro artean erakusten digu familia amak, osabak eta aipatutako bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela eta bera dela zaintza lanetaz eta kozinatzeaz arduratzen dena (errezeta bat eta guzti ematen digu!). Irudi aldetik, aipatzekoak dira erabili diren errekurtso narratiboak: etxea bera bertze pertsonaia baten moduan tratatua izan da eta istorioan pasatzen dena azaltzen laguntzen digu. Marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten diote eszena bakoitzean eta bertan pausatu eta goitik behera detaileei begira egotera gonbidatzen gaituzte.”

Etxe honetan Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz 2019ko udazkenean eta egileek 5.000 euroko saria jasoko dute egile eskubideen aurrerapen moduan.

Biko-Tekan sortutako hazia irabazle aurten ere

Iturraldek eta Usandizagak Galtzagorri elkarteak Iruñeako Udalarekin elkarlanean antolatzen duen Biko-Teka tailerraren hirugarren ekitaldian parte hartu zuten, iaz. Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez sortutako tailerra da, zeina haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izateko sortu zuten. Helburua tailerraren amaieran parte hartzen duten bikoteek album ilustratu baten proiektua abian jartzea da. Lortzen ari gara. Izan ere, orain bi edizioetako tailerrean parte hartu zuten bikote banak–Ainara Azpiazu Axpi eta Paula Estevez lehenengo edizioan eta Dani Martiaren eta Ana Ibañez bigarrenean– irabazi zuten 2017 eta 2018ko Etxepare Saria. Aurten, halaber, Iturraldek eta Usandizagak irabazi dute eta bikoteak iazko tailerrean parte hartu zuen. Areago, Etxe honetan albumaren sorkuntzaren lehenengo urratsak Biko-Tekan eman zituzten. Horrenbestez, Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten Biko-Teka tailerrean ereindako hazien uzta jasotzen ari dira jada sortzaileak eta antolatzaileak.

Irabazleen biografiak

Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza, Donostian jaioa, Arte Ederretan lizentziatua, irudigilea eta diseinugile grafikoa. Diseinu estudio eta agentzia ezberdinentzat hasten da lan egiten (Gramma, Trace, Verno, Alude,...). 2004an, beste diseinugile batekin, La Machine Factoría Gráfica sortzen du, erakunde eta enpresentzako grafika eta ilustrazio lanak egiten. 2017an, ilustrazio eremua sakontzearren, bide berri bati ekiten dio Studio GASTON sortuz. Batez ere, erakundeentzako egiten du lan, kultura eta gazteria arloetan bereziki.

Komikizale amorratua, bere aisialdiaren zati galanta eskaintzen dio, eta hainbat sari eta aipamen lortu ditu: Portugalete (2 aldiz), KMK, DEIA, Kutxa Kultur,... Komiki erakusketetan ere parte hartu du: Rekalde Aretoa, Sala Kutxa,... Balmaseda 700. urteurrena komikia argitaratu eta ElBalancín urtekarian ere parte hartu du.

Komiki astekaria argitaratzen du www.betiberdintaberna.art webgunean.

Euskal Irudigileak, EIDE Basque Design eta Galtzagorri elkarteetako kidea da.

 

Aintzane Usandizaga Lopez, Lasarte-Orian jaioa, Artearen Historian lizentziatua (EHU), Kultura Artistikoaren Gizarte Garapenetan Graduondokoa (Malagako Unibertsitatea). Proiektu eta zentro kultural ezberdinetan lan egin du. Oroitzen duenetik maite ditu istorioak, haurra zenetik izan du hauek entzun eta asmatzeko grina.

2014an, Zumaiako Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin lehiaketako lehen saria eskuratu zuen, eta 2018an bigarrena. 2019ko udaberrian Kabitu ezina liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin.