Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-06-28

Artejira jaialdian hartuko du parte Galtzagorri Elkarteak

Ekainaren 28an, larunbatarekin, Donostian ospatuko den Artejira jaialdian elkarlanean ariko dira Donostia Kultura eta Galtzagorri Elkartea. Donostia 2016 Gunearen irekiera ospatzeko egingo den jaialdia da Artejira, Donostiako auzoetan egingo diren hainbat ikuskizunez osatutako jaialdia, hain zuzen. Bada, Galtzagorri Elkarteak, Aiete Kultur Etxean egingo den ekimenean hartuko dute parte, elkarteko kide diren Juan Kruz Igerabide, Aitziber Alonso, Eider Eibar eta Jokin Mitxelenaren eskutik.

Goizeko 11:00etatik 13:00etara, Juan Kruz Igerabide idazleak mikro-ipuin bat sortu du eta hori idatzi (lau hizkuntzatan) eta ilustratuko dute Aitziber Alonso eta Eider Eibar ilustratzaileek kultur etxeko horman, Igerabidek berak ozen irakurtzen duen bitartean.

12:00etatik aurrera, berriz, Jokin Mitxelena irudigileak eta Charlotez mozorrotutako aktore batek zuzeneko ikuskizuna eskainiko dute: Mitxelenak zuzenean ilustrazio batzuk egingo ditu koaderno handi batean eta Charlotek marraztutako elementuekin inprobisatuko du. Ikuskizun bera egingo dute arratsaldean, 17:30ean, Koldo Mitxelena Liburutegiaren parean.

Artejira jaialdia

Donostiako Europako Kultur Hiriburutzaren izendapena lortu zuen egunaren 3. urteurrenean, hiriak auzoetan hasi eta Donostia 2016ren egoitza berrian (Easo kaleko Suhiltzaile-etxe zaharrean) amaituko den festa handi bat ospatuko du. Egunean zehar auzoko hainbat gunetan jarduerak izango dira. Hain zuzen, Donostiako Kultur Etxe bakoitzak arte disziplina bat landuko du bere auzoan. Horrela bada, Aiete Kultur Etxeak ilustrazioa hartu du ardatz eta Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean antolatu ditu auzoan egingo diren ekintzak.