“Join the revolution! Giving every child good books” / ”Bat egin Iraultzarekin! Haur bakoitzari kalitatezko liburuak eskaini” izenburupean burutuko da abuztuaren 30etik irailaren 1era IBBYren Nazioarteko 39. Biltzarra. Bi urtez behin egiten dituen Biltzarretan, Haur eta Gazte Literaturaren alorrean diharduten mundu guztiko aditu, bitartekari eta sortzaileak bildu ohi ditu IBBYk. Haien artean izango dira Italiako Triesten egitera doazen biltzarrean, Miren Agur Meabe idazle eta itzultzailea eta Garazi Arrula editore, idazle eta itzultzailea, Galtzagorri elkarteak Etxepare Euskal Institutuarekin duen hitzarmenari esker.
Hiru eguneko egitarau oparoa antolatu du IBBY Italiak Triesteko Konbentzio Zentroan egingo den Biltzarrerako. Lehendabiziko egunean entzun ahal izango dira hitzaldi nagusiak. Bigarren eta hirugarren egunetan aurkezpen edo komunikazioak, posterrak (horietako asko deskargatu daitezke IBBYren Biltzarreko webgunetik), mahai inguruak eta lantegiak antolatu dituzte, goiz eta arratsaldez. Guztiak hiru gai hauen bueltan: Kalitatezko liburuek mundua aldatzeko duten boterea; haur eta gazte orok duen irakurtzeko eskubidea eta liburuz osatutako zubiak eraikitzeko beharra.
Aurkezpen horietako bat, hain zuzen, Garazi Arrulak egingo du, honakoa: “Over, across, through: Linguistic and literary borders in the Basque Country”. Irailaren 1ean izango da, arratsaldeko 15:00etan. Euskal Haur Literaturaren egoeraz aritzeaz gain, itzulpengintzak zubiak eraiki, diferentziak gainditu eta kontzientziak astintzeko duen botere iraultzaileaz mintzatuko da. Arrularekin batera izango da Triesten Miren Agur Meabe idazlea. Izan ere, Biltzarreko egun horietan zehar IBBYk, sari banaketa ekitaldi ugari antolatu ohi ditu. Hala nola, IBBY – Asahi Reading Promotion Award eta IBBY-iRead Outstanding Reading Promoter Award sarien banaketa ekitaldiak eta Hans Christian Andersen Sarien ekitaldi entzutetsua.
Halaber, irailaren 1ean aurkeztuko da 2024ko IBBYren Ohorezko Zerrenda eta aurkezpen ekitaldian bertan banatuko zaizkie diplomak katalogo honetarako hautatuak izan diren liburuen idazle, ilustratzaile eta itzultzaileei. Ohorezko zerrenda horretan, Galtzagorrik proposatuta, Euskal Haur eta Gazte Literaturako hiru lan hauek sartu dira: “Itsasoaren atea” (Miren Agur Meabe, Elkar 2021), idazleen kategorian; “Hona gu hemen: Lur planetan bizitzeko oharrak” (Garazi Arrula, Txalaparta, 2020), itzultzaileen kategorian; eta, ilustratzaileen kategorian, Maite Mutuberriaren "Irrimola" (Ikaselkar, 2021) da Espainiako IBBYk (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil erakundeak, OEPLIk, alegia) aurkeztu eta IBBYk ohorezko zerrenda horretan txertatuko duen Espainiako estatuko ilustratzaile lan bakarra. Arrulak eta Meabek ekitaldian bertan jasoko dituzte diplomak, eta ondoren, lan-bazkari batean parte hartuko dute, hautatuak izan diren beste egile eta editoreekin batera. Tamalez, Mutuberriak ezin izango du Triesten egon.
Biltzarreko egunak probestuko ditu IBBYk hainbat lan bilera egiteko. Besteak beste, IBBYren Batzar Orokorra eta Bookbird aldizkariko korrespontsalen bilera. Ohi bezala, IBBYren erakusketa berriak ere bertan paratuko dira lehen aldiz. Besteak beste, 2024ko Andersen Sarietara aurkeztutako hautagaienak (tartean izango dira Elena Odriozolaren lanak, finalista izan denez), baita Ibbyren Ohorezko Zerrendan sartu diren liburuenak ere.
Benetako iraultza: gazteak protagonista
IBBYren historian lehenengo aldiz, Austriatik, Alemaniatik, Esloveniatik eta Italiatik etorritako gaztetxo irakurle talde batek parte hartuko du Biltzarrean. Triesten astebete igaroko dute eta Biltzarreko hainbat ekintzen protagonista bihurtu ditu IBBY Italiak. Besteak beste, haiei buruz mintzo diren aurkezpenetan moderatzaile lana egingo dute, prentsa bulegotik munduari kontatuko diote biltzarrean zer ondorio ateratzen diren, Biltzarrean parte hartuko duten egileekin hitz egin ahal izango dute, hiriko haurrei irakurketa sustatzeko ekimenak eskainiko dizkiete... Haur eta Gazte Literaturari buruz helduek bakarrik ez, oraingoan, gazteek ere hausnartu eta hitz egin ahal izango dute. Aurrekari garrantzitsua izango da hau, 2026an Ottawan eta 2028an Bartzelonan egingo diren Biltzarretarako.
Veneziako unibertsitatean Meaberen solasaldia
Italiako bidaia profitatuz, Miren Agur Meabek hitzaldia eskainiko du irailaren 3an 14:00etan Veneziako Ca' Foscari unibertsitatean, Venezia eta Bolognako unibertsitateetan Etxepare Institutuak duen euskara irakurletzak eta Galtzagorri elkarteak antolatuta. “Conversazione con Miren Agur Meabe. Un'identità letteraria" / "Miren Agur Meaberekin solasean: identitate literario bat” solasaldi-errezitaldian bere obra osoa, baita haur eta gazte literaturakoa ere, izango du mintzagai Meabek eta hainbat poema errezitatuko ditu euskaraz.