Galtzagorri Elkartean Euskal Haur eta Gazte Literatura (EHGL) sustatzea, ezagutaraztea eta euskarazko irakurzaletasuna piztea ditugu helburu. Asmo hauek gauzatu ahal izateko, jarduera ugari burutzen ditugu. Besteak beste, www.galtzagorri.eus web gunearen bidez, EUSKAL HAUR ETA GAZTE LITERATURAKO INFORMAZIO ZERBITZUA eskaintzen dugu.
Informazio zerbitzu honen baitan urtez urte berrikuntzak eta eguneraketak egiten ditugu. 2016an, web gune honen “EHG Literatura” atalean argitalpenen bilaketa zehatzagoak egiteko erraztasun gehiago eman ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzei esker:
-Horretarako, Argitalpenak adinaren arabera bilatzeko aukera sortu dugu. -Argitalpenak adinaren arabera bilatzerakoan “0tik GORA” bilaketa aukera berria erantsi dugu: "Argitalpenak", "Irten berriak" eta "Ezinbestekoak" azpiataletan. Ahalik eta bilaketarik zorrotz eta aurreratuenak egin ahal izateko ezinbestekoa izan da adin tarte berri hori sortzea.
-Horrez gain, EHGLaren Dokumentazio Gunean dauden liburu gidak urteka antolatu ditugu, hauek bilatzeko erraztasun gehiago emanez.
-"Ezinbestekoak" azpiatalean, EHGLn adituak diren hainbat pertsonek egindako 50 izenbururen zerrendak biltzen dira. Bada, bertan bi zerrenda berri zintzilikatuko ditugu aurten, Mikel Ayerbe unibertsitateko irakasleak eta Yolanda Arrieta idazleak sortuak, hurrenez hurren. Guztira, beraz, 2016a bukatzerako sei adituk egindako EHGLko Ezinbestekoen zerrendak izango dira www.galtzagorri.eus-en ikusgai: Xabier Etxanizek, Migel Asiainek, Asun Agirianok eta Itziar Zubizarretak osatua zuten jada zerrenda bana. Mikel Ayerbek 2016ko urrian egindakoarekin batera, abenduan izango dugu Yolanda Arrietarena ere.
-“Ezinbestekoak” azpiatalean, zerrenda horiek egin dituzten adituen araberako bilaketa egin ahal izateko menu desplegablea ere ezarri dugu. Beraz, 2016tik aurrera, irakurlearen adin egokiaren araberako bilaketa egin daiteke atal honetan dauden ezinbesteko zerrenda guztietan, orain arte bezala; baina orain, egilearen araberako bilaketa ere egin daiteke. Eta bi bilaketa moduak ere uztartu daitezke. Adibidez, 4 urtetik gorako haurrentzat aditu jakin batek gomendatutako liburuak zein diren bilatu daiteke; baina bilatu daiteke baita ere aditu guztiek 4 urtetik gorako haurrentzat gomendatu dituzten argitalpenen izenburuak; eta bilatu daiteke aditu batek adin guztietarako irakurleentzat (0tik 18ra) gomendatzen dituen izenburu guztiak.
EHGLren informazio eta aholku zerbitzua
Galtzagorrik informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen die sarri gurekin harremanetan jartzen diren Haur eta Gazteen euskarazko irakurtzeko zaletasuna sustatzen duten profesionalei. Izan ere, askotan, bibliotekari, guraso, hezitzaile, animatzaile zein teknikari ezberdinek euren lanean aholkularitza behar izaten dute gai honetan: lantegi zein ikastaroak antolatzeko, haur eta gazteentzako saioak burutzeko, liburu gidak prestatzeko eta orokorrean haur eta gazteen aisialdiaren parte diren eta irakurtzeko zaletasunarekin zerikusia duten egitasmoak bideratzeko.
2007an, web gunearen edukiak indartu eta modu dinamikoan eskaintzea erabaki genuenetik, web gunea informazio eta aholku trukaketa horren tresna nagusi bihurtu da, EUSKAL HAUR ETA GAZTE LITERATURAKO INFORMAZIO ZERBITZUA errealitate bihurtuz. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren eta haur eta gazteen irakurtzeko zaletasunaren inguruko INFORMAZIOA BILATZEKO BALIABIDE EZINBESTEKOA bilakatu da. Horretarako, hainbat atal berri sortzen, elikatzen eta eguneratzen goaz, Galtzagorrik Haur eta Gazte Literaturaren esparruan egiten duen lanaren eta jasotzen duen informazioaren isla bihurtu delarik www.galtzagorri.eus helbidea.