Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-02-11

Argitaletxe eta autoekoizle, Sarako Ikusi Mikusi Azokan parte hartu nahi duzue?

Galtzagorri Elkarteak, Kiribil antzerki konpainiak eta Pamiela argitaletxeak apirilaren 3an eta 4an Euskal Herriko lehenengo haur eta gazte liburu azoka egingo dute. Ikusi Mikusi azoka Saran izango da, Lapurdin. Euskarazko haur eta gazte literatura plazaratzen duzuen argitaletxeek eta autoekoizleek aukera duzue azoka zuen uztaren erakusleiho izateko eta azokaren egitarauan parte hartzeko. Dagoeneko izena-emateko epea ireki dugu. Otsailaren 29ra arte izen-ematea zabalik egongo da.

Argitaletxeek nahiz autoekoizleek fitxa bana bete beharko duzue izena emateko. Fitxan zuen datuak jarri beharko dituzue. Argitaletxeek 30 euro ordaindu beharko dituzue azokan ipintzen duzuen mahai bakoitzeko eta autoekoizleek 10 euro mahaiko. Fitxetan ordainketak egiteko datuak dituzue. Halaber, azokako Liburutegi Xokoan egon daitezen zenbat liburu eskainiko dituzuen zehaztu dezakezue.

Mahaien instalazioa bezperan egiteko aukera duzue, apirilaren 2an, 16:00etatik 19:00etara. Antolaketak aukera emango dizue Sara bertako familia baten etxean ostatu har dezazuen. Horretarako, fitxan zenbat kiderentzako tokia beharko duzuen zehaztu. 

2020. urtearekin zuen argitaletxeek nahiz autoekoizpenek emango duzuen uzta berria iragartzeko gunea duzu Ikusi Mikusi Azoka. Idazleak, ilustratzaileak eta zuekin lanean ari diren artistak gonbidatuta daude. Apirilaren 3an, ostiralean, mahai-ingurua egingo dugu euskarazko haur eta gazte literaturaren orainaz eta geroaz, parte hartu nahi duzue? Fitxetan aurreko informazio hori guztia jasotzeko tartea eta aukera duzue. Animatu azokan parte hartzera. Euskal haur eta gazte liburuaren lehenengo azoka dugu eta seguru gaude denon artean azoka hobea egingo dugula!