Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-04-29

Aretoen zirkuitua Arabara eta Bizkaira ere iritsiko da 2025etik aurrera

Galtzagorri elkartean badugu ospatzeko arrazoirik. Izan ere, urte luzez Gipuzkoako liburutegi ezberdinetan barna ibili den literatura aretoen zirkuitua EAE osora zabalduko dugu 2025etik aurrera.

Galtzagorri elkartean Bizkaia eta Arabako herri zein auzo ezberdinetako liburutegietatik aspaldi jasotzen ari ginen eskaera zen eta aurten, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuari esker, Gipuzkoan egiten zena beste bi probintzietara zabaltzeko aukera izango dugu.

Urtero zirkuitua lau herri berritara eramatea da gure asmoa eta, urtez urte, mugituko dugun aretoa ezberdina izango da. Lehenengo urterako Galtzagorri elkartean sortutako azken literatura aretoa hautatu dugu: Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda.

Honako hauek dira aurtengo zirkuituan parte hartuko duten Udal liburutegiak eta aurreikusitako datak:

  • Gernika-Lumoko Udal Liburutegia (maiatzaren 5etik 9ra)
  • Atxondoko Udal Liburutegia (maiatzaren 12tik 23ra)
  • Gasteizeko Ignacio Aldecoa Kultura Etxea (maiatzaren 27tik ekainaren 4ra)
  • Aguraingo Udal Liburutegia (zehazteke)

Lau liburutegi horietako bakoitzean hamarna saio eskainiko dira eta horietara herri, auzo eta eskola ezberdinetako haurrak gerturatuko dira, jolas eginez irakurketara ahalik eta haur gehien zaletzea baita gure asmoa. Hala, 2025ean bakarrik egitasmoa 1.000 haur inguruk ezagutzea aurreikusten da.

Literatura aretoak ezagutu nahi izanez gero, ikusi bideoa