Hemeroteka


Elkarbanatu
2009-02-28

Areto literarioen zirkuitua hasi da


Urteak daramatza Galtzagorri Elkartea areto literarioak sortzen eta hauek ondoren Euskal Herriko herrietako liburutegietara eramaten. Areto literarioak jolas literarioak dira, zeintzuk irakurzaletasuna sustatzeko helburua duten eta baita euskal haur eta gazte literatura sustatzeko xedea. Areto hauen ideien sortzaile eta zuzendari Itziar Zubizarreta irakasle eta idazlea da eta hauetako bakoitzaren dinamizaziorako dinamizatzaileak prestatu egiten dira. Saioak beraz, literatur ekintza horretan formatutako dinamizatzaileek gidatzen dituzte.

Animaliek hizketan zekiten garaian aretoa Itziar Zubizarretak diseinatu eta sortu zuen hain zuzen 2007an. Alegien inguruan mintzo da areto hau eta arrakasta izugarria izaten ari da haurren artean. Aretoa Lehen Hezkuntzako lehenengo mailetako haurrentzat dago pentsatua, 6-10 urte bitarte haurrentzat, baera. Izan ere, aurtengo udaberrian hainbat herrietako Haur Liburutegietan gozatu ahal izango da.

Areto hau besteak bezalaxe, liburutegiko gela batean kokatzen da eta bertara hurbiltzen dira ikasleak, saioak eskola ordutan eskaintzen direlarik batez ere. Gelan, metakrilatoz eginiko kubo bat aurkitzen dute areto honetan, eta haren aurrean esertzen dira. Kubo hau da animazioaren muina.


Areto honetan alegien inguruko dinamika bat lantzen dute haurrek dinamizatzaile baten eskutik eta propio sortutako ikus-entzunezko bat ere ikusten dute. Araban ibili da areto hau abendutik hona, eta martxoan Galdakaon izango da, hil honen 9tik 20ra hainbat saio eskainiko zaizkielarik herriko haurrei. Ondoren, Bermeon izango dute martxoaren 23tik apirilaren 3ra. Azkenik, Iurretan izango da maiatzaren 4tik 15era.

Labirintoaren erbestean

Koldo Mitxelena Kulturunearen laguntzarekin Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu eta Aitziber Alonsok, Miren Gonzalezek eta David Ugaldek diseinatu eta apailatutako areto hau 2008ko uztailean estreinatu zen Donostian.

Jolas literario honetan, bidaia bat proposatzen zaie parte hartzen duten bisitariei; bidai bat eremu arrotz batzuen zehar. Labirinto ikusgarri bat sortu da bidai hori egiteko, labirintoaren sinbologiaz baliatu gara bidai iniziatiko bat edota abenturazko esperientzia bat proposatzeko. Beraz ekintza honek elementu desberdinak elkartzen ditu eta bizi- esperientzia bat eskainiko dio parte hartzen duenari.

Labirintoaren erbestean lehenengo aldiz aterako da bidaiatzera Gipuzkoako herrietan barna datorren udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Dimentsio handiko areto literarioa da hau, eta horregatik ezin da leku batetik bestera mugitzen aritu astez aste. Hori dela eta, Aretxabaletako Haur Liburutegian kokatuko da eta inguruko beste hiru herrietako haurrak etorriko dira bisitan, hala nola: Eskoriatza, Bergara eta Arrasatekoak. Beraz, apiriletik hasi eta maiatza bukaera arte izango dute Labirintoa Aretxabaletan.

Irudiz Irudi, Liburu Ibiltari


Irudiz Irudi ilustraziogintzan murgiltzeko aretoa da. Bertan haurrek liburu bat ilustratzeko teknika ezberdinak ikasi dituzte eta martxan jartzen dituzte. Horrez gain, hainbat liburu ilustratu ikusteko parada dute. Areto hau Galdakaon egingo da aurtengo martxoan. Bertako 5 eta 6. mailako haurrek gozatu ahal izango dute honetaz. Eta lehenengo aldiz guraso eta haur txikiek aldi berean ere bai. Izan ere Galdakaoko ludotekarentzako ere pare bat saio prestatu baitira.

Aretoak alokatu

Aretoak alokatzeko aukera eskaintzen du Galtzagorrik bere web gunetik bertatik. Orain artean, zazpi areto sortu ditu. Besteak beste, orain aipatutako hirurak, Haur Poesia Aretoa, Letren Leihotik aretoa, Adur, adur ez naiz hire beldur...

Horien informazio zabalagoa nahi izanez gero, https://www.galtzagorri.eus/ helbidean dagoen Galtzontzi atalera sartu eta honen baitan dagoen "aretoak" izeneko atalera sartu besterik ez dago. Informazioaz gain, hantxe aurkituko duzu hauek alokatzeko bete beharreko formularioa ere.