Apirilaren 5ean jakinaraziko dute 2016ko Astrid Lindgren Memorial Award sariaren irabazlea nor den. Hautagaien zerrenda 2015eko Frankfurteko Liburu Azokan aurkeztu zuten eta horien artean da Elena Odriozola ilustratzailea. 59 herrialdetako 215 hautagairen artean dago ilustratzaile donostiarra. Besteak beste, Italiako Lampedusa uhartean IBBYk abian jarritako "Silent books" egitasmoa ere hautagaien artean da.
Jakinarazpena, ohi bezala, Suediako Liburutegi Nazionalean ospatuko den ekitaldian izango da.
Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenezko sari honen bidez.. Iaz, Hego Afrikako PRAESA egitasmoak eskuratu du saria; 1992az geroztik, Hego Afrikan Haur eta Gazte Literatura sustatzen etengabeko lana egin duen erakundea.