Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-07-11

Aņorga eta Mitxelenarentzat Etxepare Saria

Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortutako Munstroek pixa egiten dute ohean album ilustratuak irabazi du 2015eko Etxepare Saria. Hau da bikote honek Etxepare Saria eskuratzen duen bigarren aldia. Pozik jaso dute biek gaur saria.

Aurten 18 lan aurkeztu dira eta epaimahaiak Añorga eta Mitxelenarena saritu du.

Aurtengo epaimahaia Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute eta honako ebatzi dute: "unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan beldurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean".

Ilustrazioen eta testuaren arteko uztartzeari dagokionez, "testua eta irudiak elkar josita" datozela dio epaimahaiak: "Jolasa motor eta emozioa kide direla. Musika darie hitzei eta bizia irudiei. Irudien plano eta perspektiba aldaketa bat datoz testuaren erritmoarekin. Garatzen doan kontaketari aniztasuna eta interes bisuala eransten diote".

Bestalde, Maurice Sendack-en Piztiak bizi diren lekuan liburu klasikoari keinu egiten dio liburuak eta hori ere baloratu du epaimahaiak.

Gaur egin da sari-emate ekitaldia. Egile eskubideen aurrerapen gisa, 5.000 euroko saria eta liburua 2015eko udazkenean argitaratzea jaso dute irabazleek.

Saridunak

Pello Añorga idazlea eta Jokin Mitxelena ilustratzailea 80. hamarraldiko erdialdean hasi ziren elkarlanean eta ordutik askotan osatu dute idazle ilustratzaile bikotea. 2006an Gerlari handia lanarekin irabazi zuten Etxepare saria.