Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-03-21

Andersen Saria Suzy Lee eta Marie-Aude Murail-entzat

Boloniako Azokan, haur eta gazte literaturako azokarik sonatuena, aurtengo Andersen sariak jakinarazi berri ditu IBBY nazioarteko Haur Liburuaren erakundeak. Suzy Lee korearrak irabazi du ilustrazioaren atalean –Olatua hitzik gabeko album gogoangarriaren egileak– eta Marie-Aude Murail idazle frantsesak eraman du literatura sortzaileen saria. 

Sari horiez gain, nazioartean irakurzaletasuna sustatzen nabarmendu diren pertsonak eta proiektuak saritu dituzte. Zohreh Ghaeni iraniarra hango Haur Literatura Ikertzeko Institutuaren burua da eta Iran zein Afganistango lurraldeetara kalitatezko liburuak eramateko programa baten sortzailea da. Jane Kurtz etiopiarra saritu dute, baita ere, hango landa-eremuetara haur eta gazte literatura eramateko egiten duen lanagatik eta bertako sortzaileen lanak hauspotzeko ahaleginagatik.

Bestetik, Kanadako IBBYak proposatuta Ilitaqsoniq - Nunavut Literary Council saritu dute, haren bitartez, literatura bidelagun, inuiten kultura belaunaldiz belaunaldi gorde eta zabaltzeko programa da. 

Zorionak irabazle guztiei!