Hemeroteka

2021-09-22

Ana Ibaņezen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan

2021eko irailaren 22tik abenduaren 12ra arte ANA IBAÑEZ ilustratzailearen lanak izango dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Ana Ibañez Elosua, (Iruñea, 1972) Arte Ederretan lizentziatu zen Bilbon, eskultura alorrean. Halaber, grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Taldekako zein bakarkako hainbat erakusketetan parte hartu du. Banakako erakusketen artean, honakoak nabarmendu daitezke: Zizur Nagusiko Kultura Etxean, Biguina eta beroa (2004); Koloreak eta hariak, Gayarre Antzokian (2003); edo Haragi barruko lorategiak, Molmar arte galerian (2002). Taldekako erakusketei dagokienez, 2019an Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean gauzatu zen Imajinarioak erakusketa azpimarratu daiteke. Bertan, belaunaldi ezberdinetako berrogeita lau ilustratzaile nafarren lanak izan ziren ikusgai. Tartean, Ibañezenak.

Jasotako sari eta beken artean, Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian Eskulturako 2. saria eta pinturako 3. Saria irabazi zituen. Hainbat irudidun liburu argitaratu ditu, Dani Martinera idazlearekin batera. Idazle-ilustratzaile bikote honek 2018ko Etxepare Album Ilustratu saria eskuratu zuen, hain zuzen, Cosimoren katiuskak (Pamiela, 2018) obrarekin. Hala ere, ez zen Sari honetara aurkeztu zen lehen aldia: izan ere, aurretik, egileek eurek aitortuta, lau bider saiaturik ziren helburu honetan. Hankaz gora du amak mundua (Liburu Iletsuak, 2015) eta Jonek Jone izan nahi du, (Liburu Iletsuak, 2017) liburu irudidunak sariketara honetara aurkeztu zituzten. Saria eskuratu ez, baina Ibañezek ilustratu eta Martiarenak idatzitako bi liburu hauek autoekoizpenaren bidetik plazaratu zituzten. Horretarako, Liburu Iletsuak zigilua sortu zutelarik. Aipatu hiru izenburuak, gainera, Euskadi Literatura Sarietan hautagai izan dira, Haur eta Gazte Literaturaren alorrean. 2020an argitaratu berri da Ibañezek ilustratu eta Martiarenak idatzitako azken albuma: Amonarenean Kea. Hau ere autoekoizpenaren bidetik plazaratu dute. Zirriborro egile, marrazkilari eta eskulturagile gisa definitzen du bere burua. Bere lanak teknika ezberdinen mugak hausten ditu, eta bertan, hariak, papera eta marrazketa uztartzen ditu.

Bere formazioarekin aurrera eginez, Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin burutzen dituen MarraziOak ilustratzaileentzako tailerrean parte hartu zuen Ibañezek 2019an eta, 2018an, Iruñeko Udalaren babesarekin Galtzagorri elkarteak burutzen duen Biko-Teka idazle eta ilustratzaileentzako Topaketetan. Azken honetan, Dani Martirenarekin batera. Hain zuzen ere, bertan abiatu zuten Etxepare Saria jaso zuen Cosimoren katiuskak lana. Biko-Tekako 2021eko edizioan, Ibañez-Martirenak autoekoizpenaren inguruan formazio saio bat eskaini zieten Topaketetan parte hartzen ari ziren sortzaileei.