Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-07-10

"Alizia"ren euskarazko edizio berria 150. urteurrenarekin

Lewis Carroll idazlearen Alizia herrialde miresgarrian liburuaren 150. urteurrena dela eta, Pamiela argitaletxeak Manu Lopez Gasenik itzulitako liburua berrargitaratu du. Uztailaren 8an aurkeztuko dute Donostian, liburuari buruzko solasaldiarekin. Asun Agiriano, Juan Kruz Igerabide eta Manu Lopez Gaseni ariko dira solasean. 

1968koa da Alice euskarara ekartzeko lehen ahalegina; La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxearen eskutik argitaratu zen Alizia gauza miragarrien munduan. Gehiago ere etorri ziren, Imanol Mercerok Berria egunkarian argitaratutako artikuluan: Alice Alizia bihurtu zenekoa.

1989an argitaratu zuen Pamielak euskaraz lehen aldiz Aliceren abenturak lurralde miresgarrian. 1990ean, Ispiluan barrena argitaratu zuen. 1992an Alice izeneko liburua argitaratu zen, Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta Ispiluan barrena biltzen zituena. Ondoren, 2004an, Alizia haurrentzat egokitzapena argitaratu zen, Manu Lopez Gasenik itzulita.

Orain, jatorrizko liburuaren lehen argitalpenaren 150. urteurrena baliatu du Pamielak, edizio berritu eta eguneratua kaleratzeko, Manu Lopez Gasenik itzulita: Alizia herrialde miresgarrian.