Hemeroteka


Elkarbanatu
2018-12-03

Aliziak herrialde miresgarri bihurtuko du Hernani

Galtzagorri elkartearen eskutik, “Aliziaren burutazio miresgarriak” izenburua daraman eta Lewis Carroll-en Alizia herrialde Miresgarrian liburua oinarri duen areto literarioa irekiko dute bihar Biteri kultur etxean. Izan ere, Galtzagorri elkarteak Alizia herrialde Miresgarrian Lewis Carroll-en eleberria oinarri hartuta areto literario berria sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aretoa Hernaniko Biteri kultur etxean irekiko dute bihar eta bederatzi bisita gidatu egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek. Galtzagorrik Gipuzkoan barrena biran jarri ohi dituen areto literarioen xedea da haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna hauspotzea.

Ez da kasualitatea Galtzagorrik aurten sortu izana Aliziari buruzko “Aliziaren burutazio miresgarriak” aretoa. Imanol Berriatuak Carroll-en obra handia (Alizia gauza miragarrien munduan, Gran Enciclopedia Vasca) orain 50 urte ekarri zuen lehenengoz euskarara. Hala, urteurren hori gogora ekarri nahi izan du Galtzagorrik areto literario berriarekin. Berriatuaren itzulpenaren ale bat erakutsiko dute aretoan.

Aretoa Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu du; diseinua Aitziber Alonsorena da. Hernaniko Biterin Lur Kortak egingo ditu saio gidatuak, Korta ipuin kontalaria eta Galtzagorriko kidea da. Ikasleekin egingo dituzten bisita gidatuez gain, familiek azaroaren 26an aretoaz gozatzeko bi aukera izango dituzte: 17:00etan eta 18:00etan.

Saioen dinamika

Aretoaren bihotza zuhaitza da eta bertan egongo den Chesire katuaren ahotsak bideratuko du jolasa neurri handi batean. Lur Kortak han hartuko ditu bisitariak eta liburuari buruz, egileari buruz eta saioari buruzko azalpenak emango dizkie. Zuhaitzetik gertu Aliziaren liburuaren bertsio ezberdinekin osatutako liburutegi txiki bat egongo da. Oinarri gisa hartuko dute Manu Lopez Gasenik 1989an egindako Alizia herrialde miresgarrian itzulpena (Pamiela), baita haren bigarren edizioa (2015) ere; bertsio horren ilustrazioak Carroll-en garaikidea izan zen John Tenniel-enak dira.

Liburuaren aurkezpena, Carroll-en soslaia, Tenniel-en ilustrazioak eta istorioa xehatuko du Kortak zuhaitzaren amildegian behera abiatu aurretik. Liburuko hiru pasarte oinarri, jolasa eta kontakizuna uztartuko ditu dinamizatzaileak; kontaketa egin ahala Aliziarekin batera liburuko beste pertsonaia ugari agertuko dira.