Hemeroteka

2024-10-28

Albumaren bariazioak Piu Martinezekin

 

Urtero bezala, eta Irarkuketa Mintegiaren barruan, formakuntza saio trinkoa egin dugu San Telmo Museoan. Oraingoan Piu Martinez aditua izan dugu gurekin eta harekin landu dugun saioaren titulua honakoa izan da: Klasikoak eta albumaren egungo joerak: mezu bererako lengoaia ezberdinak. 40 bat bitartekari elkartu ginen, tartean idazleak, ilustratzaileak, irakasleak, bibliotekariak, ipuin kontalariak eta gurasoak. Saioa liluragarria izan zen erakutsi zizkigun kontakizun klasikoen bariazioengatik eta argazki-literaturari emandako arreta bereziagatik, besteren artean.

Besteren artean horretan asko kabitzen da. Hasierako zatian Piuk jakintzaren ardatzetako bat loturak egiten asmatzea dela agerian utzi zuen. Azalpen bati gehitzen zien irudiaren deskribapena, egilearen biografiaren zertzelada bat eta detaile sorta bat. Loturez gain, jakintzaren transmisioan pasioa zeinen baliagarria den ere erakutsi zigun. 

Ezin lerro hauetan eman zizkigun azalpen guztiak bildu. Albumetan elementu eta osagai guztiak mintzo dira, ez baita genero bat bere horretan, euskarri bat baizik. Istorioak konta ditzake diziplina asko baliatuz (argazkigintza, margolaritza, ilustraziogintza...) eta sekuentziekin lan egiten du; orrialde bikoitza da gutxieneko unitatea. Horra albumaren deskribapen biribila!

Bigarren atalean, bitartekari guztien belarriak zabal-zabal, taldetan bildu eta mahaian jarritako liburuetatik bi hartzeko eskatu zigun, tartean gutxien erakartzen gintuen bat. Taldeko kide bat altxa eta hartu zituen, taldean irakurri genituen eta gero komunean jarri. Ariketa zoragarria izan zen, are gehiago mahai gainean zeuden liburuei erreparatuta. 

Eskerrik asko Piu Martinezi eskaini zigun formakuntza saio ederragatik, halakoetan bost ordu labur geratzen dira!