Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-11-30

Album ilustratuen baso sorginduan barrena ibili gara

Galtzagorri Elkarteak Irakurketa Mintegiaren harira urtero antolatu ohi duen tailer trinkoa album ilustratuei buruzkoa izan da aurten. Aurreko larunbatean egin genuen, Donostiako San Telmo Museoan. Karla Fernández de Gamboa Vázquez EHUko irakasle eta ikerlariak gidatu zuen tailerra. Album ilustratuz betetako bi maletarekin iritsi zen museora eta liburuak sortaka antolatzen eman zuen partaideak iritsi aurreko tartea. Bi mahai luze jarri zituen aulkiek osatutako zirkuluaren erdian, eta mahaietan liburu-sortak. Partaideak iritsi ahala, maskara jantzita eta eskuak gelakin ongi igurtzita, nork bere tokia hartu zuen zirkuluaren barruan. 25 lagunek izena emana zuten; gehien-gehienak emakumeak ziren: bibliotekariak, ipuin-kontalariak, editoreak, Galtzagorriko Irakurketa Mintegiko kideak, irakasleak eta bitartekariak, besteren artean. 

Fernández de Gamboak basora abiatu aurretik otarrean sartu beharreko zenbait kontzeptu aletu zituen, labur. Album ilustratuen nondik norako batzuk eman zituen. Esate baterako, album ilustratuak genero hibridoa direla esan zuen, «irratitik irakur ezin daitezkeen liburuak». Albumena hainbat hizkuntza uztartzen dituen generoa da, non testu eta ilustrazioez gain beste elementu batzuek ere zeresana handia duten. Nolanahi ere, «albuma zer den esatea baino, errazagoa da albuma zer ez den seinalatzea». Bide batez, Asun Agirianok eta Mikel Ayerbek emandako definizio bat ekarri zuen, bi adituek albumean ZER kontatzen den baino, NOLA kontatzen den esanguratsuena dela diote. 

Otarra beteta, basora abiatu ginen. Tailerra praktikoa izan zen erabat. Lantaldeak eginak zituen Fernández de Gamboak eta talde bakoitzak ibilbide zirkularra egingo zuen. Urrats bakoitzean liburu-sorta bat zegoen eta bakoitzean partaideek ezaugarri zehatz batzuei erreparatu behar zieten, hurrenkera honakoa izan zen: tamaina, forma, babes-orriak, pleguak, orriak eta tipografia. Ariketa praktikoak liburu bakoitza eskuetan hartu eta ezaugarri horiei erreparatzeko aukera emateaz gain, liburuaren osagai bakoitza elementu narratiboa izan daitekeela konturatzeko balio izan zuen. Talde bakoitzak post it bidez itsatsita utzi zuen kartoi-mehetan jasotakoa eta denek liburuak beren osotasunean eta atalka aztertzeko parada izan zuten. Ariketa bukatuta, Fernández de Gamboak taldeek jasotakoari bere ekarpenak egin zizkion. 

Maleta bietan ekarritako album-sorta zoragarriak, partaideei basoan barrena ibiltzeko emandako askatasunak, Fernández de Gamboak emandako oinarri teorikoek eta partaideek jarritako gogoak tailerra borobildu zuten. Handik ateratako bakoitza, albumekin gertatu bezala, erantzunekin baino galdera gehiagorekin atera zen. Izan ere, Fernández de Gamboak esan bezala, «liburu on batek erantzunak baino galdera gehiago sortzen ditu». Tailer on batek ere, erantzun biribilak eman baino galderak –jakin-mina– zabaltzen ditu lau haizetara.