Hemeroteka


Elkarbanatu
2016-02-20

Album ilustratuei buruzko formazio saioa antolatu du Galtzagorrik

Galtzagorri Elkarteak album ilustratuen inguruko formazio saioa antolatu du Haur Literatura Mintegiaren barruan. Mikel Ayerbe eta Asun Agiriano Haur Literatura adituek emango dute saioa martxoaren 12an, 10:00etatik 13:00etara, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Saio honen helburua lehen irakurleentzat album ilustratuen analisi egoki bat egiteko oinarrizko orientabideak aurkeztea izango da. Honako gaiak landuko dira:

- Album ilustratuaren kontzeptua eta ezaugarriak

- Album ilustratuen bilakaera gurean

- Album ilustratuen azpigeneroak eta berezitasunak: hitzik gabeko albumak; formatu bereziko albumak; helduentzako albumak...

Orain arte Irakurketa Mintegiko formazio saioak bertan parte hartzen dutenentzat izan dira, baina hemendik aurrera interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Hala ere, lekuak mugatuak dira: 35 lagunentzako lekua dago eta izen-ematearen arabera osatuko da taldea.

Formazio saio honetan izen-emate epea martxoaren 4an amaituko da. Izena emateko bete behean atxikita duzun orria eta bidali Galtzagorri Elkarteko helbide honetara: administrazioa@galtzagorri.eus edo deitu 943 471487 telefonora.

Tarifak:

- Irakurketa Mintegiko kideek: dohainik.

- Galtzagorri Elkarteko bazkideek: 30 euro.

- Bazkide ez direnek: 50 euro.

 

Hizlariak:

Asun Agiriano (Arrasate, 1963): Filosofian lizentziatua, 1991tik Arrasateko udal liburutegian irakurketa sustatzen eta bibliotekari lanetan dabil. Haur eta gazte liburuen munduan eta Galtzagorri Elkartearen sorreran ibilbide luze eta oparoa egina da. Liburu-gida gomendagarrien zerrendak egitea du gustuko eta literatura-solasaldietan parte hartzea da atsegin duen kontua, baita nazioarteko haur liburuen azoketara bidaiatzea ere. Egun, Gara egunkarian haur eta gazte literatura kritikaria da, eta, berriki, Mikel Ayerbe eta Jone Arroitajauregirekin batera, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 10 liburuz osatutako katalogoa argitara eman du (10 books from Basque Literature for Children and Young People. Etxepare Euskal Institutua, 2014).

Mikel Ayerbe (Azpeitia, 1980): Literatur Teorian eta Literatura Konparatuan (UB) eta Euskal Filologian (EHU) lizentziatua da, eta, egun, Gasteizko Letren Fakultatean dihardu euskal literaturako eskolak ematen. Gerra Zibilaren eta egungo gatazka sozio-politikoen inguruko ipuinak biltzen dituen Our Wars: Short Fiction on Basque Conflicts (CBS, 2012) apailatu du eta Euskal Narratiba Garaikidea: Katalogo bat (Etxepare Euskal Institutua, 2012) liburuaren egilea ere bada. Berria egunkarian literatura kritikari lanetan aritua eta Haur eta Gazte Literaturaren esparruan ere hainbat lan eginikoa da.