Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-10-21

Album ilustratuari buruzko formazio-saiorako izen-ematea ireki dugu

Galtzagorri Elkarteak martxan duen Irakurketa Mintegiaren barruan, azaroaren 28an, Album Ilustratuen baso sorginduan barrena ikastaro trinkoa eskainiko du Karla Fernández de Gamboa adituak Donostiako San Telmo Museoan.

Izena azaroaren 20a baino lehen eman beharko da.

Ikastaroa bitartekariei zuzenduta dago eta irekia da, hots, gaiarekiko interesa duen edonork parte har dezake. Tailerra, azken urteetan bezala, Galtzagorri Elkarteak martxan duen Irakurketa Mintegiaren barruan antolatu dugu. Saioaren helburu orokorra bitartekariak trebatzea da eta aurtengoaren helburu zehatza bitartekariei kalitatezko album ilustratuak aukeratzeko erremintak ematea da.

Ikastaroa azaroaren 28an, larunbata, goizez egingo dugu 09:30etik 13:30ra. Saioan 25 lagunek parte hartu ahal izango dute gehienez.

Izen-emate orria beteta eta ordainagiria bidali beharko dituzte Galtzagorri Elkartera (administrazio@galtzagorri.eus). Parte-hartzaileen onarpena izen-ematearen hurrenkeraren arabera egingo dugu.

Album ilustratuak haur eta gazte literaturaren merkatuetako izar bihurtu dira eta argitaratzen diren guztien artean kalitate gehien dutenak aukeratzeko baliabideak eskaini nahi dizkiegu bitartekariei. Fernández de Gamboak albumak erakutsiko ditu, irizpideak emango ditu eta albumekin egin daitezkeen lanketen berri ere emango du. Bitartekariei zuzenduta dagoela diogunean, irakasle, bibliotekari, ikerlari eta bestelako profesionalei buruz ari gara. Aitzitik, gurasoak ere badira bitartekariak. Finean, haur liburuekiko interesa duen edonork tokia dauka azaroan egingo dugun ikastaroan.