Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-10-17

Album ilustratua eta edizioaren inguruko formazioa eskainiko du aurten Galtzagorrik


Haur eta Gazte Literaturaren esparruan orain arte murritza da dagoen formazio eskaintza. Hori dela eta Galtzagorrik urtero gai berezi bati eskainitako topaketak antolatzearen erronkari aurre egin nahi dio. Lehenengo urtean liburuen balorazioa izan zen gaia; bigarrengoan irudiaren irakurketa; eta iaz irakurzaletasuna sustatzeko ekintzei eta planei buruzko topaketak antolatu genituen. Aurten, LIBURU-ALBUMAREN MUGAK landuko ditugu. Horretarako, gaian aditua den Gustavo Puerta irakaslea etorriko zaigularik.

Haurren liburuekiko interesa pizteko ezinbesteko funtzioa betetzen dute album ilustratuek. Baina, gure artean orain arte album ilustratuak ez du behar lukeen lekua. Euskal Haur eta Gazte Literaturan, gaur egun, argitaratzen diren album ilustratu gehienak itzulpenak dira. Sortu, apenas sortzen da Haur Literaturan hain funtsezkoa den genero honetan. Horregatik, album ilustratua zer den, zein diren bere ezaugarriak, zein bere hizkuntza propioa, nola irakurri eta nola argitaratzen den ikastea Euskal Haur eta Gazte Literaturaren osasunerako ezinbestekoa dela uste du Galtzagorrik. Eta horrez gain, albuma etorkizuneko irakurleak sortzeko eta mantentzeko primerako baliabidea dela jakinik, LIBURU-ALBUMAREN MUGAK izeneko Topaketak antolatu ditu Donostian azaroaren 7an eta 8an.

Helburuak eta programaren ildo nagusiak

Topaketak Donostiako Alde Zaharrean dagoen Haur Liburutegiaren aretoan egingo dira azaroaren 7an 16:00etatik 20:00etara eta 8an 9:00etatik 13:00etara. Beraz, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza hartuko ditu ikastaroak.

LIBURU-ALBUMAREN MUGAK izeneko topaketak argitaldari, ilustratzaile, idazle, irakasle, bibliotekari, kultur dinamizatzaile, liburu-dendetako arduradunei eta Haur eta Gazte literaturan interesa duen edonori zuzenduak daude. Beraz, albumaren edizioan, sorkuntzan eta honen erabileran formazioa beharko luketen profesionalei dago bideratua.

Izan ere, lau ildo nagusi jorratuko dira albumaren inguruan:
-Liburu-albuma zer den hausnartu
-Liburu-albuma nola irakurri eta sortzen den aztertu
-Liburu-albuma nola editatzen den azaldu
-Liburu-albumaren aukerak arakatu

Ikastaroaren programaren gai nagusiak hauexek izango dira:

Lehenengo zatia

1. Liburu-albuma genero gisa
    a. Liburu ilustratuaren eta liburu-albumaren arteko ezberdintasuna
    b. Testua-irudia tentsioa
    c. Sekuentzia
    d. Sekuentzialak ez diren planteamenduak

2. Sormena liburu-albumean
    a. Testua
    b. Paratestuak
    c. Irudikapenerako aukerak
    d. Abordatze estetikoak

3. Liburu-albumaren harrera
    a. Oraindik irakurtzen ez dutenek irakurtzen dutena
    b. Zentzuaren eratzea
    c. Bitartekaritza eta baloreak
    d. Parametro krítikoak


Bigarren zatia
4. Liburu-albumaren mugakideak diren diskurtsoak
    a. Poesia
    b. Dibulgazioa
    c. Komikia

5. Berritzaileak diren proposamen editorialak

6. Esperimentazioa eta liburu-albuma

Izena emateko

Ikastaroan gehienez 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Izena emateko urriaren 28a baino lehen dei dezakezue Galtzagorrira (943471487) edota e-postaz idatzi galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera.

Matrikulak 40 euro balio du bazkideentzat eta 60 Galtzagorriko bazkide ez direnentzat.

Irakaslea

Esan bezala, Gustavo Puerta Leisse izango dugu Topaketa hauen gidari eta irakasle. Puerta Leisse Caracasen jaio zen 1975ean eta egun Madrilen bizi da. Filosofian lizentziatua da, Venezuelako Andrés Bello Unibertsitate Katolikoan eta Caracaseko San Ignacio Eskolan irakasle izan zen. Esperientzia andana duen irakasle eta literatur kritikaria da. Hona hemen bere ibilbide profesionalaren zertzelada batzuk:

 -Venezuelako Banco del Libro Erakundeko Bibliografia Hautaketarako Batzordeko kide da eta Fundación Germán Sánchez Ruipérez eta Alcaláko Unibertsitateko Irakurketa Sustatzeko Masterreko irakasle.

- Educación y Biblioteca aldizkariko hezkuntza eta haur eta gazte literatura sailetako editorea da. El Cultural kultur gehigarrian astero zutabe bat idazten du haur eta gazte literaturaren inguruan.

- Hainbat lantegi burutzen ditu, hala nola: Irakurzaletasuna sustatzeko ekintzei buruzkoak, albumaren hizkuntzari buruzkoak, haur liburutegien ingurukoak, edota haur eta bitartekarientzako artearen lehen oinarriei buruzkoak.

-Egun, ikerketa bat burutzen ari da Haurtzaroa eta Abangoardiari buruzkoa. Honako izenburua du: “Haurtzaroa eta Abangoardia: XX. Mendearen lehen erdialdeko Europako mugimendu artistikoek utzitako legatu Pedagogikoa”.