Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-04-30

Aitziber Alonsoren sormen-lanez bete da Ilustratzailearen Txokoa

Maite Gurrutxagak jaso ditu bere lanak eta Aitziber Alonsori eman dio lekukoa. Datozen hiru hilabeteetan donostiarraren ilustrazioz eta sormen-lanez beteta egongo da Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoa.

Hiru hilabetez behin, ilustratzaile baten lanak hartzen ditu Ilustratzailearen Txokoak. Aitziber Alonsoren txanda da oraingoa. Arte Ederrak ikasi ondoren, urtetan Artelekun ibili da. Galtzagorri Elkarteko elkarteko hainbat eta hainbat proiekturen sortzaile ere bada Alonso. Besteak beste, Galtzagorriren Areto Literario askoren atrezzoak bereak dira. Ilustratzailearen Txokoa bera ere (armairua) berak eskuz egindakoa da.

Hain zuzen, armairu horretan ilustrazioak ez ezik, bestelako eskulanak eta berak diseinatu eta jositako soineko berezi bat ere ikus daiteke.

Aitziber Alonso Pikabea

Donostiarra, Arte Ederretan lizentziaduna eta Galtzagorri elkarteko kide eta lehendakaria da. Makina bat liburu ilustratu ditu Alonsok; tartean, Txilikuren Oihaneko epailea (Elkar) eta EDO argitaletxeak plazaratutako Charlotte Perkins Gilman autorearen Hormako paper horia liburuaren azala. Oraintsu, Patxi Zubizarretaren ipuinak ilustratu ditu IRRIA aldizkarian.

Horrekin batera, kartelak ere egin ditu; esaterako, 2011ko Liburuaren Nazioarteko Egunarena, Donostiako Udal Liburutegien Sarerako. Hori gutxi balitz, Galtzagorri Elkarterako areto literarioak ere egiten aritzen da Itziar Zubizarretarekin batera.

Ordutegia:

Asteartetik ostiralera:16:00 - 20:30

Larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 - 20:00

Igandeak: 10:00 - 14:00