Biko-Tekaren zazpigarren edizioaren baitan gaur da euskal editoreen eta album ilustratuetan aditu direnen eta parte-hartzaileen arteko hitzaldi-solasaldiaren eguna. Bertan izan dira Asun Agiriano Arrasateko udal liburutegiko zuzendaria eta Garazi Arrula Txalapartako haur literaturako editorea.
Zertarako irakurri albuma
Agirianok eman dio hasiera goizeko jardunari. Haur literaturan aditu den esperientzia handiko bibliotekaria albumen ezaugarriez eta irakurle eta bitartekariekin izaten duen harremanaz mintzatu zaie tailerreko parte hartzaileei. Albuma haur literaturak helduen literaturari egindako ekarpen bakarrenetakoa dela adierazteaz gain hauen irakurleek ez dutela adinik nabarmendu. Adibide gisa aipatu du helduen liburutegian albumentzako saila zabaldu dutela Arrasaten. Izan ere “jolasteko liburua da albuma” eta jolasak ez du adinik. Horrez gain, albumaren honako dohainak aipatu ditu: haur eta helduen arteko komunikazioa sustatzen du; behin eta berriro irakurtzeko eta ikusteko sortuak dira; ozen irakurtzeko formatu paregabea da; eta haurren arlo psikoafektiboa lantzeko ere baliagarriak dira.
Errealitatea, irizpideak eta erresistentziak
Irakurleentzat albumak dituen alderdi baikorrak entzun ondoren, Arrulak edizio lanaren zirrikituak azalarazi ditu. Hasteko, Euskal Herrian haur eta gazteentzako liburuen edizioaren inguruko datuak eman ditu. Nafarroan bost argitaletxe daudela eta horietatik hiruk argitaratzen dituzte liburuak eta albumak haur era gazteentzat sistematikoki. 2006an hasi zen Txalaparta albumak argitaratzen OQOrekin elkar lanean. Gaur egun ez dira bakarrik albumak euskarara itzultzen. Urtean 6 album argitaratzen ditu egun Txalapartak Txo! bildumaren baitan. Albumen kasuan gehienetan merkeagoa omen da itzultzea euskaraz sortzea baino.
Albuma argitaratzeko prozesuaren berri eman du ondoren Arrulak eta irizpideak aipatu. Besteak beste, kalitatea, merkatua, joerak, interes komertziala, adituen iritziak… Edizio prozesuan Euskal Herrian faltan den figura aipatu du: editore grafikorik ez dago, “Salbu Dani Fano, Xabiroi aldizkarian”. Rol hori diseinatzaileek, maketatzaileek eta editoreek ordezkatzen dute.
Bukatzeko aitortu du editoreak “gehiegi kexatzen direla” , nahiz eta uste duen ari direla pixkanaka saiatzen. Hala ere, kontuan hartu behar dela oraindik “erresistentzia handiak” daudela, adibidez hitzik gabeko albumekiko. Oraindik narratiba argitaratzen da gehien Haur eta Gazte Literaturaren baitan.
Biko-tekan parte hartzaile
Bai Agirianok bai Arrulak Biko-tekako aurreko edizio banatan parte hartu zuten. Eta biek ala biek argitaratu dituzte bertan abiatutako albumak. Agirianok “Atzamarra” plazaratu zuen 2022an Marina Garciarekin batera Elkarren. Eta Arrulak “Bidean” argitaratu zuen Helena Azkarragaurizarrekin batera Denonarteanen. Elkarrekin kontatu diete parte hartzaileei ze bide egin zuten beren albumak argitaratzeko. Eta gomendatu tailerraren egun hauek zukutzeko. Ez bakarrik lan egiteko. Baita elkarrekiko harremanak egiteko ere.