Hemeroteka


Elkarbanatu
2008-05-05

Afrikako Haur Literaturaren erakusketa birtuala

Books for Africa Books from Africa erakusketak 84 liburu ditu erakusgai. Liburu hauek kalitate irizpideen arabera aukeratuak izan dira eta beti ere Afrikako kultura ezberdinekiko errespetua dute oinarri. Besteak beste, haurrentzako fikziozko istorioak, album ilustratuak, biografiak, autobiografiak, poesia... aurki daitezke IBBYk babestuta Interneten bisita daitekeen erakusketa honek.

Liburu guzti hauek Afrikan hitz egiten diren hizkuntzetan daude idatziak. Ingelesez eta frantsesez idatzitako liburuez gain, Cibemba, Kiswahili eta Malgachea bezalako hizkuntzetan idatzitakoak ere badira. Bestalde, erakusketa birtual honek Afrikan eta Afrikarako era honetako liburuak argitaratzen dituzten argitaletxe, autore, ilustratzaile eta abarren berri ere jasotzen du. Besteak beste, Ghanako, Senegalgo, Zambiako, Maliko... argitaletxeak, autoreak eta ilustratzaileak topa daitezke.

Ama hizkuntzan argitaratzea irakurzaletasuna bultzatzeko
 Ama hizkuntzan argitaratzeak ez du soilik kontinente bateko kulturak eta ohiturak erakusteko balio, hala dio Books for Africa Books from Africa izeneko erakusketa iragartzeko IBBYk prestatu duen foiletoak. Erakusketa honek zera frogatu nahi du: haur eta gazte literatura Afrikan hitz egiten diren ama hizkuntzetan argitaratzeak etorkizunean kontinente honetan irakurleak eta idazleak sortzea bultzatzen duela.

Hain zuzen, Cape Towneko (Hego Afrika) Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultatera lotuta dagoen PRAESA izeneko (Projet for the Study of Alternative Education in South Africa) ikerketa eta sustapen Saila Afrikan hezkuntzaren esparruan ematen den apartheid-aren aurka lan egiteko sortu zen 1992an.

1995etik ordea, hezkuntzaren baitan hizkuntza politikaren ildotik ari da lanean. Sail honek horregatik Early Literacy Unit izeneko atala du zeinak Hego Afrikan eta Afrikako beste zonalde batzuetan 0 eta 9 urte bitarteko irakurmenaren inguruko ikerketa, formazioa eta materialen sorkuntzan lan egiten duen, beti ere hizkuntza aniztasunaren ikuspegia landuz.

Afrikan argitaratzea, Afrikako haurrentzat
2004an Cape Townen burututako IBBYko Biltzarrak Afrikako kultura eta hizkuntzaren egoera eta honen beharrak aztertzeko balio izan zuen. IBBYren helburuetako bat da munduko haur guztiek literaturara gerturatzeko eta liburuak eskuratzeko aukera berak izan ditzaten lortzea. Horretarako, mundu guztiko literaturen arteko elkartrukea du bideetakoa bat. Baina elkartruke horrek ezin du bide bakarrekoa izan, eta ezinbestekotzat jotzen du zentzu honetan Afrikako haurrek Afrikan eta Afrikarako argitaratutako liburuak eskura izatea.

Horregatik, erakusketa birtual hau irakasle, ikerlari, guraso eta haur literaturan interesa duen edonori bideratuta dago. Oraingoz, ingelesez aurkituko duzue, baina IBBYk berak adierazten duenez, edozein hizkuntzetara itzulia izateko erreminta gisa erabiltzeko bokazioz jaio da.

IBBYren Yamadako Programak (Japon) babestutako erakusketa honek bereziki azpimarratu nahi du nazioartean haurren irakurzaletasuna sustatu ahal izateko zenbaterainoko garrantzia duen haur literaturako liburuak existitzeak. Eta gehiago oraindik Afrikan, non sarri zonalde batzuetan bertako hizkuntzan argitaratuak dauden material bakarrak haurrentzako literatur lan hauek diren.