Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-03-24

"Adur, adur ez naiz zure beldur" aretoa Gipuzkoako liburutegietan

Galtzagorri Elkarteak sortutako areto literario bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Gipuzkoako hainbat Udal Liburutegiri eskaintzen zaie dohainik astebeterako. 2011-2012 ikasturtean "Adur, adur ez naiz zure beldur" areto literarioa da herriz herri dabilena eta, hain zuzen, Irungo Udal Liburutegian izan da otsaileko bigarren astean. Martxoaren 5etik 9ra, berriz, Aieteko (Donostia) kultur etxean izango da eta, ondoren, Beasaingo eta Oñatiko Udal Liburutegietan jarriko da. 2011ko azaroan, berriz, Bergarako eta Zarauzko Udal Liburutegietan izan zen.

Galtzagorri eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzari esker, ikasturtero herri batzuetako ikastetxeek doako aukera izaten dute herriko Liburutegian paratutako aretoa ezagutu eta bertan proposatzen diren gaiak lantzeko.

Ikasturte honetan herriz herriko itineraziorako hautatu den aretoa "Adur, adur ez naiz zure beldur" da. Areto honek Juan Kruz Igerabidek idatzitako eta Aizkorri argitaletxeak argitaratutako Jonas eta Hozkailu Beldurtia liburua hartzen du abiapuntu. Ipuin zoragarri hori aitzakiatzat hartuz, haur literaturan beldurraren trataera aztertzen du Galtzagorrik Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurrekin. 

Aretoak sukalde baten itxura du. Haurrak aretora iristen direnean Mari Garcia literatur dinamizatzaileak egiten die harrera eta Galtzagorrik erakusketarako bereziki sortutako Jonasen Beldurra marrazki bizidunak ikusten dituzte. Itziar Zubizarretak egindako Jonasen ipuinaren moldaketa da, eta Galtzagorri Elkarteko lehendakari den Aitziber Alonsorenak dira ilustrazioak.

Jonasen istorioa ezagutu ondoren sukalde batera sartzen dira (Jonasen istorioa bere etxeko sukaldean gauzatzen baita) eta bertan, beldurraren aurpegi desberdinak ezagutzen dituzte.

Horretarako, bost zentzumenak barneratzen dituzten dinamiketan parte hartzen dute, arestian aipatutako begiralearen eskutik. Adibidez, hozkailuan dastamena eta usaimena erabiltzen dituzte, hainbat edabe probatuz, “pozoitsua” dena topatu arte. Era horretan, altzari desberdinetatik igarotzen dira atzean zer topatuko duten jakin gabe eta begiraleak proposatzen dizkien dinamikak bidean burutuz.

Areto honen helburu nagusiak lau dira:

- Beldurraren trataera haur literaturan ezagutzea.

- Barruko mamuak eta kanpoko mamuak lantzea.

- Era horretako adierazpen literarioen ezagupena eta azterketa egitea.

- Haurrak beldurrari aurre egiteko literaturak eskaintzen dizkion tresnak ezagutzea.

Hemen duzue 2011ko azaroan Bergarako Liburutegian Mari Garciak dinamizatutako saio baten grabazioa.