Hemeroteka


Elkarbanatu
2014-11-20

Abian dira ikasleentzako saio gidatuak

Azaroaren 15era arte zabalik da "Itsaspeko bihotzak" areto literarioa Arrasateko Bibliotekako klaustroan, iragan ostegunean hasi ziren 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilei eskola-orduetan zuzendutako saio gidatuak, Miren Guillo eta Mari Garcia dinamizatzaileen eskutik. Publiko zabalarentzat, astelehenetik larunbatera, arratsaldez dago ikusgai, 17:30etik 20:30era.

Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta. Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik. Aretoak Arrasaten egingo du lehen geldialdia, eta ondoren, Hernani (azaroaren 18tik 28ra) eta Donostiara (abenduaren 1etik 12ra) bidaiatuko du 2014an. 2015ean EAEko hainbat herritan barrena mugituko da.

Leku horietako bakoitzean saio gidatuak eskainiko dira 8-11 urte bitarteko haurrentzat. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskainiko dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izango dira eta arratsaldez aretoa zabalik egongo da honen ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi duena jar dadila harremanetan Galtzagorri Elkartearekin (galtzagorri@galtzagorri.eus edo 943471487 telefonoan).

 Hemen saio gidatu baten bideoa, Goiena telebistak egindako erreportajea. Bertan, Miren Guillok, aretoaren sortzaileak eta saioen dinamizatzaileetako batek ematen ditu azalpen eta xehetasun guztiak.