Hemeroteka


Elkarbanatu
2015-01-16

Abian da 2015eko Etxepare Saria

Dagoeneko abian da haurrentzako albumak sortzeko 2015eko Etxepare Saria. Bertara haurrei zuzendutako euskarazko lan ilustratuak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) aurkez daitezke, bakarka edo idazle-ilustratzaile taldea osatuz. 2015eko maiatzaren 22a izango da lanak aurkezteko azken eguna eta epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du bere erabakia.

Proposamenak albumaren ezaugarriak izan beharko ditu; hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatuko du. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 cm x 21cm baino txikiagoak izango, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izango dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne).

Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Ez da saririk emango epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez badago.

Saria

Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Zergen atxikipena indarrean dagoen legediari jarraiki egingo da. Horrez gain, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare sariaren aipamena egingo da.

Sari honen antolatzaileak Nafarroako hainbat udaletako euskara zerbitzuak eta hainbat mankomunitate dira: Agoizko Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.